Urgain-Errekaldeko irakasleen % 77ak greba egin du eta Zuazola-Larraña institutuko% 23ak
Martxoaren 22an egin zen aurreko greba deialdian baino babes txikiagoa izan du Oñatin euskal irakaskuntza publikoan gaurko egina zegoen deialdiak. Orduan, Urgain-Errekalden irakasleen % 93ak eta Zuazola-Larraña institutuko % 50ak greba egin zuen, gaur, % 77ak eta % 23ak egin du, hurrenez hurren. Institutuaren kasuan, batxilergoko ikasleak azken azterketak egiten ari direla aipatu behar da.
Greba deialdiaren berri emanez oharrak bidali zizkieten bi ikastetxeetako ikasleen gurasoei: Urgain-Errekaldekoan irakasleen % 77ak greba egingo zuela jakinarazten zen eta ondorioz, klaseak ez zirela normaltasunez emango eta jangela zerbitzuan ere eragina izango zuela aurreratzen zen. Gaur, 20 bat haur joango dira eskolara eta hauek, adinaren arabera, taldetan bildu dituzte eta goizean zehar jolasak eta eskulanak egin dituzte. Dozena bat gainera bazkaltzen geratu direla adierazi digu zerbitzu minimoak betetzen aritu den irakasle batek. Jangela zerbitzua beraz, behar horretara egokitu dute.
Zuazola-Larraña institututik ere, hainbat irakaslek greba egin zezaketela eta horren arabera ikasgai konkretu batzuen eskolak bertan behera geratu zitezkeela jakinarazi zitzaien gurasoei.
Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki! lelopean deitu dute Steilas, ELA eta LAB sindikatuek gaurko greba, Euskadiko CCOOek deialdiarekin bat egin du. Halaber, EHIGEk, Sortzenek, Ikasleen sindikatuek, EH Bilduk, Plataformen topaguneak eta ESK sindikatuak ere bat egin dute greba deialdiarekin. Gaurko mobilizazioaren bitartez Eusko Jaurlaritzari eskatzen diote neurriak har ditzala hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzeko. Azken urteetako murrizketei aurre egin ahal izateko langile berriak kontratatzea, gaixotasun bajak lehenengo egunetik betetzea, ikasle ratioak berrikustea eta hezkuntzara zuzendutako aurrekontua igotzea eskatzen dute, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!