Urgain-Errekaldeko ikasgela bat itxita dago Covid kasuak direla eta

2021/06/15
Card image cap
MUko LEINNeko 37 ikasle Costa Rican konfinatuta daude, positibo eman eta gero

  Azken astean 15 Covid positibo atzeman dira herrian eta horietatik 7 Urgain-Errekaldeko LH-3ko gela batean. Asteazkenean atzeman ziren lehen kasuak eta Hezkuntza sailari jakinarazi zitzaioan, protokoloak zehazten duena beteaz. Egunez egun kasuak ugalduz zihoazela eta, gela ixteko agindua eman zen. Aldi berean, jangelan eta eskolan kontaktu izan zitezkeenei probak egin zitzaizkien baina guztiek negatibo eman dute. Baita LH3. mailan dagoen bigarren gelako ikasleek ere, horien artean baheketa egin da asteburuan eta denek negatibo eman dute. Emaitzak ikusita, lehen kutsadura eskolatik kanpo gertatu eta gelan zabaldu dela uste dute adituek, hau da, eskolan ez dagoela fokorik.

  Atzo positibo berri bat atzeman zen Oñatin, Osasun arduradunek zabaldu dituzten azken datuen arabera. Une honetan, Oñatiko intzidentzia tasa metatua 191,84 da.

  Eta bitartean, Oñatin, Enpresagintza Fakultatean ikasten duten hainbat lagun Costa Rican konfinatuta daude. Oñati, Irun eta Bilboko kanpusetako LEINNeko ehundik gora ikasle praktikak egiten aritu dira Costa Rican, maiatza erdialdetik. Orain, itzultzera zihoazela, eta zenbaitek sintoma arinak zituztela ikusita, Covid froga egin eta 37k positibo eman dute. Bakarren batek sintoma arinak ditu baina orokorrean ondo daudela adierazi digute Mondragon Unibertsitatean. Hoteleko geletan bakartuta daude, berrogeialdia betetzen. Ondo bidean, ekaina amaieran itzuliko dira Euskal Herrira.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!