Urgain-Errekalde eskolaren ondoko lursaila Hezkuntza sailari afektatzea erabaki zen atzoko Osoko Bilkura

2021/09/28
Card image cap
Ikastetxearen hezetasun arazoak konpontzeko ondoko zelaian hainbat aktuazio egitea aurreikusten da

  Urgain-Errekalde ikastetxeko hezetasun arazoak aspalditik datoz. Eraikina isolatzeko lan sakonak egin ziren duela urte gutxi baina patioan eta eskola atarian putzuak sortzen dira, oraindik. Jatorria, aldameneko zelaian dagoela azaldu zuen atzoko Osoko Bilkuran Alaitz Kortabarria Hezkuntza batzordeburuak, euri urak ez dira egoki biltzen eta jolasgunean eta beste leku batzuetara filtratzen dira.

  Urgain-Errekalde ikastetxeko hezetasun arazoak behin betiko konpontzeko aurreproiektua eskatu zitzaion Lur paisajistak enpresari. Urgain eskolako patioaren aldamenean dagoen zelai malkartsua egokitu eta jolasgunean integratzea proposatzen da, bertatik datozen urak hartu eta bideratzearekin batera. Proiektua Eusko Jaurlaritzako hezkuntza arduradunei aurrez aurre aurkeztu zitzaien eta begi onez ikusi zuten, baina Hezkuntza sailari dagozkion ondasun eta azpiegiturak egokitzeko lanak bakarrik finantzatzen dituztela jakinarazi zieten. Ondorioz, udal jabetzakoa den eskola ondoko zelaia hezkuntzako zerbitzu publikora lotu eta hezkuntza beharretarako sailera afektatzea erabaki zen atzoko Osoko Bilkuran.

  Halako proiektu handietarako Hezkuntza sailak eman ohi dituen dirulaguntzen deialdia aurreratu egin du aurten, abendutik urrira, eta ondorioz, aipatu lur lagapena egiteko erabakia urgentziaz hartu behar izan zuen atzo udalbatzak, gero, dirulaguntza eskatzeko. Lursaila Hezkuntzari afektatzearen gaia aho batez onartu zen.

  Hezkuntza sailaren dirulaguntza eskuratzera baldintzatu du udalak Urgain-Errekalde ikastetxeko hezetasun arazoak konpontzeko lanak egitea. Izan ere, aurrekontua handia baita, 321.243 euro, Lur paisajistak enpresak osatutako aurreproiektuaren arabera.

iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!