Oñatiko udala

Urgain-Errekalde eskolan hezetasun arazoak konpondu eta urbanizazioa egokitzeko lanak egingo dira

2023/06/29
Card image cap
Ugarte enpresari esleitu zaizkio eta datorren astean hasiko dira

  Aspalditik dator herri eskolako eraikinaren hezetasun arazoa. 2018an sotoa eraberritzeko lanak egin ziren, espazioa berreskuratu baina nagusiki eskolak zituen hezetasun arazo larriekin amaitzeko. Hala ere, sotoan, mendi aldera kokatuta dagoen puntu batean, jangelako laguntzaileen aldagelan, hezetasun arazoak jarraitu dute, bereziki euri asko egiten duen garaitan. Arrazoia aztertzerakoan ikusi da ur filtrazioak dituen horma ez dela eraikinaren fatxadaren jarraipena baizik eta haratago dagoela, patiorako pasabidearen azpian justu. Hezetasun arazo honen diagnostikoa egin duten Aitziber Izura eta Edurne Goiatxe arkitektoei, zuzenketa lanetarako proiektua eskatu zitzaien eta lanok berriki esleitu ditu Udalak. Ugarte SL enpresa bakarrik aurkeztu zen prozesura, eta zehaztutako baldintzak betetzen zituela egiaztatuta, lanak, berari esleitu zaizkio.

  Urgain-Errekalde eskolan dirauten hezetasun arazoak behin betiko konponduko dira eta eraikina jaso zenetik ukitu ez den atzealdeko pasabidearen urbanizazioa egokituko da. Ur filtrazioak dituen aldagela gaineko lur eremua egoki inpermeabilizatuko da. Lan osagarri moduan, eraikinaren ekialdeko pasabideko fatxada kontran terraza funtzioa betezen duen gainontzeko eremua ere egoki inpermeabilizatuko da. Bide batez, euri uren hoditeria birbideratuko da, oinezko pasabidearen kontrako aldera eramanez. Gune honek ez du inolako eguneratze lanik izan 1978 urtetik. Ondorioz, urbanizazioa egokitzea erabaki da. Itxitura metalikoa kenduko da, eskaileretako materiala aldatuko da, solera berria egin eta lurra aldatuko da, leiho eta ate berriak eta egurrezko lorontziak jarriko dira. Konponduko den atzeko sarrera ingurua Lehen Hezkuntzako ikasleek erabiltzen duten ohiko sarrera da, egun.

  Lanak datorren astean hastea aurreikusten da eta 12 asteko epea izango da guztiz burutzeko. Ikasturte berria hasterako amaituta, edo amaitzear egotea aurreikusten da. Ugarte enpresak Urgain-Errekalde eskolan egingo dituen lanok, 94.858 euroko (+BEZ) aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!