Oñatiko udala

Ur uhinak parkeko harrera zerbitzu kontratua azalduko da Tokiko Gobernu Batzarrean

2021/07/08
Card image cap
Riff produkzioak enpresa ari da zerbitzua eskaintzen

  Ur-uhinak parkea ireki aurretik, Covid-19ari aurre egiteko indarrean dauden prebentzio eta babes neurriak bete arazteko harrera zerbitzua beharrezkoa zela ikusi zuen udaleko Kirolak departamentuak. Erabiltzaileei informazioa eman ez ezik, aforoa kontrolpean izateko txandak eman eta horiek betetzen direla zaintzea da harrera zerbitzuaren xedea.

  Hiru enpresetara jo zen zerbitzua betetzeko aurrekontu eske baina proposamen bakarra jaso zen, Riff produkzioak enpresarena, alegia. Aurkeztutako eskaintza ontzat jo zen eta ekainaren 19an, Ur uhinak parkea ireki zenean, enpresa horretako langileen zaintzapean ireki zen.

  Ekainaren 19tik irailaren 12ra luzatuko da Ur-uhinak parkearen denboraldia eta 86 egun horietarako sinatu da Riff produkzioak enpresarekin zerbitzu kontratua. Parkea 11:00etatik 13:00era eta 15:00etatik 21:00tara zabaltzen denez, ia 800 orduko zerbitzua beteko du enpresak Larrañako txorroten jolasgunean, hartarako behar diren langileak jarriz. Kontratatutako zerbitzuaren aurrekontua berriz, ia 14.400 euro da.

  Zehaztasun guzti horiek eta eskatu daitezken beste batzuk emango zaizkie arratsaldeko bileran gobernu taldea osatzen duten kideei. Aipatutako gai hau da gaurko Tokiko Gobernu Batzarreko lan zerrendan jaso den bakarra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!