Ur kontsumoari dagozkion tarifetan ez da aldaketarik izango oraingoz.
Urtarrilean, behin-behineko izaeraz onartu zen ur kontsumo tarifetan kontsumitzaile kopuruaren faktorea kontutan hartzea, hau da, etxean erroldatuta dauden bizilagunen kopurua kontutan hartzea. Udal gobernu taldekoen hitzetan, proposamenak, tarifak arrazionalizatu eta aurrezpena saritzea zuen helburu, kontsumitutako ur kopurua berdina izanagatik, hori pertsona bakarrak edo lauzpabostek kontsumitu izana ez baita berdina.
Kalkuluak egiteko modu berri honek etxe bakoitzean dagoen ur kontsumoa ez ezik, bertan erroldatuta dauden biztanle kopurua ere kontutan hartzen zuen eta bataz bestekoaren goitik kontsumitu dutenak tarifa altuagoa ordaintzera behartuz eta mediaren azpitik kontsumitu dutenak gutxiago ordainduz.
Urtarrilean gaia eztabaidatu zenean jada EAJ aurka azaldu zen, aldaketak, Oñatiko familiei nola eragingo liekeenari buruz datu konkretuak falta zirela argudiatuz. Hala, kontsumitzaile kopuruaren faktore berria aplikatuta tarifen simulazioa egitea eskatu zuen eta neurria indarrean sartu aurretik informazio kanpaina bat edo egitea.
Baina urtarrileko Osoko Bilkuran EH Bilduren aldeko botuz tarifazio berria behin-behineko izaeraz onartu zen. Bitartean, Udal barruan eta Ur Kontsortzioarekin balizko hobari eta salbuespenak aplikatzeko aukera aztertzen jarraitu da. Hilabeteak aurrera doazela ikusita, urtarrilean onartutakoa bertan behera utzi eta gaia, ur kontsortzioari bi tarifazioak oinarri hartuta simulazioak egitea eskatuko zaio, ur-tasa asko, gutxi edo bat ere ez igoko zaienak zenbat diren zehatz jakiteko eta horren arabera, hobariak aplikatu beharko ote litzatekeen erabakitzeko.
Uraren ordenantza aldaketa Osoko Bilkuran onartu zenez, hau bertan behera utziko lukeen erabakia hartzea organo berari dagokio. Horretxegatik, etziko plenorako lan zerrendan jaso da.
Oraingoz beraz, maiatzeko Osoko Bilkuran kontrakorik erabakitzen ez bada, ur kontsumo tarifa orain arte bezala mantenduko da eta ez da etxeko bizilagunen kopurua aintzakotzat hartuko.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!