Oñatiko udala

Ur Jauziak enpresatik udalak jasoko duen ezohiko diru-sarrera gizarte bazterketa arriskuan dauden oñatiarrei laguntzeko bideratzea eskatu du EAJk

2022/03/17
Card image cap
(Arg: EAJ)
Energia berriztagarrien aldeko jarrera berretsi dute jeltzaleek, prentsa ohar bidez

  Alderdi jeltzaleak gizarte bazterketa arriskuan dauden oñatiarrentzat aurreikusitako laguntza handitzeko eskatuko du eta, bereziki, argindarra eta gasaren gastuari aurre egiteko hobaria sortu eta bideratzea, Ur Jauziak enpresatik udalak jasotzen duen ezohiko diru-sarreratik.

  Gasaren eta elektrizitatearen prezioek goia jo gabe jarraitzen dutela dio jeltzaleek zabaldu duten prentsa oharrak. Errealitate horrek aldaketa beharra, eta energia berriztagarrien eta horien eraginkortasun energetikoaren aldeko apustuaren beharra, begien aurrean jarri digula dio idatziak. Oñatiko EAJk norabide horretan hamarkadak daramatzala aipatzen da eta, adibide gisa, 1989an,  udalak, Eli Galdos alkate zela, Olateko ur jauziak erosteko hartu zuen erabakia gogorarazten da.

  Erabaki hark gaur egun ere onurak dakartzala eta udalarentzat ezohiko diru sarreren iturri dela azpimarratzen dute jeltzaleek oharrean. Ekarpen hori gizarte bazterketa arriskuan dauden oñatiarren ongizatera bideratu dadila eskatuko dute jeltzaleek.

  Ur Jauziak aitzindaria izan zela eraikin publikoetako zenbait sabaitan elektrizitatea ekoizteko eguzki-plakak instalatzen eta teknologia honetan inbertitzen jarraitzearen aldeko apustua berresten dute jeltzaleek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!