Oñatiko udala

Umerezko ur biltegia martxan jarrita San Martin auzoko etxeen hornidura bertatik bideratuko da gaurtik aurrera.

2015/01/26
Card image cap
Horrela, etxaldeak zuen ur presio arazoa konponduko da.

  Udaberrian egin ziren Umerezko depositua egokitu eta bertatik San Martingo etxaldera arteko hornidura sarea ezartzeko lanak.

  Aurreko bi aste hauetan zehar azken proba eta doiketa lanak egin dira eta gaur jada, San Martingo etxalderako ur hornikuntza Umerezko depositutik bideratuko da.

  Horrela, San Martin auzuneko goialdeko eraikinek kasik hasieratik izan zuten ur presio arazoa konponduko da eta San Martingo plan nagusiak aurre ikusten zuena beteko da. Izan ere, etxaldearen ur hornidura Umerezko depositutik egitea jaso zen aipatu plan nagusian nahiz eta ez zen hala egin. Auzuneko lehen etxe blokeak eraiki zirenean herriko ur hornidura sarera lotu ziren. Behealdeko etxe horietan ez zen ur presio arazorik antzeman eta ondorioz, Umerezko depositorako hoditeria sartu gabe etxebizitza berriak jaso ahala herriko ur hornidura sare nagusira lotzen joan ziren. Goialdeko etxebizitzetan ordea, ur presio arazoa sortu zen. Hasieratik, ura nahikoa indarrez iristen ez zela salatu zuten bizilagunek eta ondorioz, berogailuak eta martxan jartzeko zailtasunak zituztela. Konponbide moduan, eraikin bakoitzean ponpa-gailuak jarri ziren baina horiek ere ez ziren nahikoak izan.

  Auzotarrak sarritan zuzendu ziren udaletxera eta eraikuntza enpresetara kexaka eta behin betiko konponbide eske eta pasa den udaberrian, esan bezala, hasieran aurreikusita zegoen proiektua gauzatzea erabaki eta egin zen. San Martingo etxalderako ur hornidura Umerezko depositutik egokitu zen ur biltegitik auzorainoko hoditeria sartuz.

  Udaberrian hasitako lanak orain amaitu dira, gaur egunean zehar, hornidura sare berria martxan jarriz.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!