ULMA taldeak 26 milioi euroko mailegua eskuratu du Europako Inbertsio Bankutik
Ostiralean sinatu zen 26 milioi euroko maileguarekin Ulmak Ikerketa-Garapena eta Berrikuntza proiektuak inplementatu ahal izango ditu, eraikuntzaren industrian zentratuta, segurtasuna eta produktibitatea handitzeko xedez. EIBren finantzaketarekin ULMAk inbertsio berriak egin ahal izango ditu estatuan eta Polonian dituen guneetan, eraikuntzarako duen alokairuko ekipamendu eta makinen flota handitu eta modernizatuz. Inbertsio honek eraikuntzarako sistema osagarrien alorrean ULMAk Europa mailan duen lidergoa sendotzen lagunduko du. Kooperatiba taldeak 300 lanpostu baino gehiago sortzea aurreikusten du, inbertsio plan honi esker.
Akordioa EIBko lehendakariorde Emma Navarrok eta ULMA taldeko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok sinatu zuten ostiralean. Mailegua Juncker Plana izenez ezagutzen den Europarako Inbertsio Planen barruan kokatzen da eta enpresen lehiakortasuna bultzatu eta enplegua sortzea sustatzen duten proiektuak finantzatzen ditu.
EIBren moduko erakundeen babesak, taldeak berrikuntza eta hazkundearen alde egindako apustua indartzen duela esan zuen Ulma taldeko zuzendari nagusi Iñaki Gabilondok akordioa sinatzerakoan. EIBko lehendakariordeak, berriz, adierazi du honelako ekimenak garrantzitsuak direla Europar Batasuneko ekonomiarako funtsezkoa den eraikuntzaren sektorean teknologia berrien garapena eta puntan dagoen enpresa baten lehiakortasuna, nahiz lanpostu sorrera, ziurtatzeko.
Finantzaketa iturriak dibertsifikatzeko duen estrategiaren barruan formalizatu du ULMAk operazioa, horretarako duen ULMA Inversiones sozietatearen bitartez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!