Ukrainako gerra lehenbailehen amaitu eta herritarrei elkartasuna adierazten dien mozioa onartu zen azken Osoko Bilkuran

EAJk eta EH Bilduk Ukrainako gerraren inguruko mozio bana aurkeztu zuten martxoko Osoko Bilkuran. Testua bateratzen saiatu zirela aipatu zuen Izaro Elorzak baina puntu batean ez zetozen ados eta ondorioz, udal talde bakoitzak bere mozioa presentatu zuen.
Eztabaida eta desadostasuna sortu zuen puntua jeltzaleen mozioko hirugarrena zen, alegia, Europar Batasunak eta kide diren estatuek erabakitako ekimen eta ekintza guztiei babesa eman eta gerra-erasoaren amaiera lehenbailehen lortzeko Ukrainari ahalik eta gehien laguntzea eskatzen zuena. Puntu honekiko desadostasuna azaldu zuen gobernu taldeak, etorkizunean zer erabaki daitekeen jakin gabe dena onartzerik ez zutela esan zuen Izaro Elorza alkateak.
Aipatu puntu hori dela eta EH Bilduk kontra bozkatu zuen eta jeltzaleek proposatutako mozioa atzera bota zen. Aldiz, EH Bilduk proposatutakoa udalbatza osoaren aldeko botoz, aho batez, onartu zen.
Bost puntuko mozioa da onartutakoa: gerra lehenbailehen amai dadila eskatzen du, gerra gatazka politikoak konpontzeko tresna ez dela aldarrikatzen du eta instituzio gorenei eskatzen die gerra amaitzeko diplomaziaren aldeko hautu irmoa egin dezatela. Udalak kezkaz ikusten du potentzia guztiak sortzen ari diren blokeek elkarren kontra daramaten mehatxu militar, ekonomiko eta teknologikoa eta elkartasun zintzoena helarazi nahi zaio Ukrainako herriari eta sufrimendua arintzeko udalak dituen ahalmenen araberako bitarteko guztiak jarriko dituela agintzen du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!