Oñatiko udala

Ugarte enpresak egingo ditu Olakua auzoko 4. areako irisgarritasun lanak

2022/04/12
Card image cap
Kontratua maiatzaren 2an sinatuko da

  Bi enpresa aurkeztu ziren Olakua auzoko 4. areako irisgarritasun lanak hobetu eta saneamendu berritzeko lanen esleipen prozesura eta proposatutako aurrekontua erabakigarria izan da; Ugarte eraikuntza enpresaren eskaintzak udalaren gehienezko aurrekontua ia 5.000 eurotan merkatu du eta lana 209 mila eurotan egitea proposatu du. Lanak, udalak zehaztutako epean, 16 astetan egiteko konpromisoa hartu du.

  Olakua auzoko 3 eta 4 zenbakidun etxe-blokeen inguruko urbanizazioa berrituko da datozen hilabeteetan. A2B Arquitectos enpresak idatzi duen proiektuan azaltzen denez, 3-A/3-B eta 4-A/4-B atarien inguruan dauden oinezkoen ibilbideak, zebra-bideak eta mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkalekuak berrituko dituzte, irisgarritasun arauetara egokitzeko edo, araua guztiz bete ezin denean, gaur egungo egoera nabarmen hobetzeko.

  Olakua auzoko 2 eta 3 zenbakidun etxe-blokeen inguruan iaz egin ziren lanen eredua jarraituko da 4.area deritzon honetan. Espaloiak zabalduko dira, batez ere 4-A eta 4-B atarien aldean, eta zintarria ipiniko da berdegunearen bueltan, ikusmen urria duten pertsonen orientazioa errazteko. Horrezaz gain, 3-A eta 3-B etxeen aldameneko ibilbideak berrituko dira, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak lekualdatuz. Bi zebra-pasagune berri egokitu dira Txiki Txokora eta autobus geltokira doazen oinezkoen bideekiko lotura modu seguru eta irisgarrian bermatuz. Bi zebra-bide horiek altxatutako plataforma erakoak izango dira. Urmaelaren aldameneko oinezkoen bidean egin ziren egokitze lanei jarraipena emanez, bestalde, espaloia konponduko da kirol kantxa eta Olakua dorrearen parean.

  Irisgarritasun lanok probestuko dira inguruko saneamendu eta ur hornidura sarea berritzeko. Ur azpiegitura lanok Gipuzkoako urak enpresak ordainduko ditu baina udalak bideratu duen esleipen prozeduraren baitan jaso dira.

  Maiatzaren 2an sinatuko dute lanen kontratua Ugarteko eta udaleko ordezkariek eta lanak berehalakoan hastea espero da, nahiz eta data konkreturik ez den jakinarazi, oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!