Oñatiko udala

Ugarte enpresak egingo ditu Errekalde auzoko 5. areari dagozkion irisgarritasun lanak

2015/05/12
Card image cap
Auzoaren barruko guneak egokitzeko lanok ekainean hasiko dira

  Publizitaterik gabeko prozedura negoziatuz esleitu ditu udalak Errekaldeko 5.area deritzonaren lanak. Hiru enpresa aurkeztu ziren eta eskaintza merkeena egin duen Ugarte eraikuntzarekin izenpetuko da kontratua gaur edo bihar. Onartu den aurrekontua, 164 mila euro da, hasieran udalak zehaztu zuena baino kasik 35.000 euro merkeagoa.

  Errekalde auzoa inguratzen duen eraztuna eta honen kanpoaldeko guneak egokitu ondoren, eraztun barruko guneak prestatuko dira. Aktuazio nagusia, auzoaren erdialdean dagoen eskola txikia eta inguruko zabalgunearen egokitzapena da. Errekaldeko 5. area deritzon honetan, auzoaren barrualdeko gunean dauden garajeetarako sarbideak eta espaloiak ere hartzen dira.

  A2B enpresak osatutako proiektuaren arabera, Errekaldeko barruko ardatz horretan ibilgailuen pasabideak eta aparkalekua asfaltatuko dira, espaloiak konpondu eta eskudelak nahiz hiri altzariak jarri edo berrituko dira.

  Lanak orain esleitu diren arren, bizpahiru aste barru, ekainean hasiko dira. Errekaldeko auzo jaiak hileko azken asteburuan ospatuko dira eta irisgarritasun lanak, jai ostean hasiko dira. Izan ere, egokituko den gune garrantzitsuena  jaietako eszenatokia eta txosna egoten den eskola txiki ondoko plazatxoa baita.

  Lizitazio baldintzetan lanak egiteko epea lau hilabetera mugatu zen eta urriaren lehenerako amaituta egon beharko direla zehazten da.

 

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!