Ugarkaldeko jolas parkea hesitu da, estaltze lanak hasteko

2021/01/15
Card image cap
Altzairuzko hodiak eta ETFE motako polimero gardenaz estaliko da jolas parkearen zati nagusia

  Gabonen osteko elurteek planak egun batzuk atzeratu badituzte ere, hasi dira Ugarkaldeko jolas parkeari estalkia jartzeko lanak, ingurua hesitu dute eta laster sartuko dira hondeamakinak. Estalkiaren egitura eratzeko altzairuzko hodiak erabiliko dira, arku formako sigi-saga eratuz. Materiala berriz ETFE motako polimero gardena izango da, baina argiteria ere izango du. Estalkiaren azalerak 170 metro karratu hartuko ditu, eta egitura osoa kontuan hartuta, 230 metro karratu hartuko ditu eraikuntzak. Altuera aldakorra izango du, 4,40 metro eta 6,45 metro artekoa izango delarik. Jolas eremuaren zati nagusia estaliko da, fisikoki berezita dagoen txirrista handiaren elementua estalkitik kanpo geratuko baita. Inguruaren txosten geoteknikoa ere egin zen, lurrak estalki egiturari ongi eutsiko diola ziurtatzeko.

  Lau enpresa aurkeztu ziren lanon esleipen prozesura eta eskaintza ekonomiko merkeena, garantia epe luzeena eta exekuzio epe laburrena eskaini zuen Carpas Zaragoza S.L enpresak lortu zuen kontratua. Udalak aurreikusitako gehienezko aurrekontua ia 26.500 eurotan merkatuta, lanak, 149.400 eurotan egingo dira, BEZ barne. Hasierako sei asteko epea hirura murriztea ere proposatu eta onartu zitzaion Zaragozako enpresari, ondo bidean, beraz, otsaileko lehen hamabostaldian amaituko dira.

  Partaidetzazko aurrekontuak 2019-2020 egitasmoaren baitan herritarrek aukeratutako proiektuetako bat izan zen Ugarkaldeko jolas parkea estaltzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!