Ugarkaldeko jolas parkea estaltzeko lanak lizitaziora atera ditu udalak

2020/09/07
Card image cap
Altzairuzko hodiak eta ETFE motako polimero gardenaz estaliko da jolas parkearen zati nagusia

  Partaidetzazko aurrekontuak 2019-2020 egitasmoaren baitan erabaki zen haur parkea estaltzea. Taperstudio arkitektura enpresari eskatu zitzaion proiektua eta lanak egitasmo horren arabera esleitu eta egingo  dira. Ugarkaldeko jolas parkearen zati nagusia estaliko da, fisikoki berezituta dagoen txirrista handiaren elementua estalkitik kanpo geratuko baita. Inguruaren txosten geoteknikoa ere egin zen, lurrak estalki egiturari ongi eutsiko diola ziurtatzeko. 

  Estalkiaren egitura eratzeko altzairuzko hodiak erabiliko dira, arku formako sigi-saga eratuz. Materiala berriz ETFE motako polimero gardena izango da, baina argiteria ere izango du. Estalkiaren azalerak 170 metro karratu hartuko ditu, eta egitura osoa kontuan hartuta, 230 metro karratu hartuko ditu eraikuntzak. Altuera aldakorra izango du, 4,40 metro eta 6,45 metro artekoa izango delarik. Estalkia hornitu eta eraikitzeko lanek 175.831 euroko aurrekontua dute, BEZa barne.

  Ugarkaldeko jolas parkea estaltzeko lana egiteko interesa duten enpresek irailaren 21era arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Eskaintza ekonomikoaz gain, lanen memoria proposamena ere presentatu beharko dute enpresek. Esleipenenerako aldagai nagusia eskaintza ekonomiko izango da balorazio orokorraren % 55arekin. Lan metodologia, berme epea luzatzea, proiektuaren ezagutza maila eta exekuzio epea ere kontutan hartu eta baloratuko dira. Lanak egiteko 16 asteko epea aurreikusi du udalak.

  Ugarkaldeko jolas parkea estali ez ezik, Errekaldeko parkean sokadun jolas edo elementu berria jartzea ere erabaki zen Partaidetzazko aurrekontuak egitasmoaren baitan. Kasu honetan esleipen prozesua oso aurreratuta dago eta lanen kontratua laster sinatzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!