Ugarkalde eta San Martin etxaldetako bizilagunak izango dira hondakinen gaikako bilketako materiala jasotzen lehenak.
Hori adierazten duten bandoak bi etxaldeetako behe-barruetan jarri dira jada. Datozen ordu eta egunetan, antzerako jakinarazpenak herri guneko atari guztietan jarriko dira.
Bihartik ostiralera bitartean, ia aipatu ditugun Ugarkalde eta San Martinekin batera Olakua eta San Lorentzoko auzotarrek pasa beharko dute dagokion materialaren bila ETEOtik. Horretarako, lokala, goizeko 10etatik ordu batera eta arratsaldez 4etatik 8etara zabalik izango da.
Datorren astean jada herri guneko kaleetan bizi direnek kiroldegira joan beharko dute materialaren bila. Ekainaren 4an berriz, Zubillagako auzotarren txanda izango da. Hauei, auzora bertara eramango zaie materiala eta adieraziko den lekuan jaso beharko dute. Gainontzeko landa auzoetara ere ekaina hasieran eramango da. Kasu honetan, banaketa, auzo alkateen bitartez egin asmo da.
Banaketa lanetan, atez ateko bulegoetan ari diren informatzaileak ez ezik, hartarako gertu dauden beste bolondres batzuk ere arituko dira.
Guztira, bizilagunek erabaki dutenaren arabera hiru edo lau ontzi edo kubo banatuko dira: organikorako marroi koloreko bi, errefuserako gris koloreko bat eta papera, bakarka ateratzeko erabakia hartu dutenen kasuan, urdin koloreko beste bat. Papera, edukiontzi komunitarioan ateratzea erabaki dutenen kasuan, ontzi handia behe-barrura bertara eramango zaie. Ontzi arinetarako berriz, poltsa horiak banatuko dira, herritarren gehiengoak hala erabakita. Bakoitzari, 60 poltsa emango zaizkio, ekainetik abendura arte, astean bitan ateratzeko adina poltsa.
Ontzi eta poltsekin batera, gida, hiztegia eta iman bana jasoko da. Hozkailuan edo labean ipintzeko imanak bilketaren egutegia zehazten du. Gidan, hondakin bakoitza noiz eta nola atera behar den azaltzen da.
Materiala jasotzera etxeko edonor joan ahal izango da baina behar bezala identifikatuta. Alokatuta dauden etxebizitzen kasuan, material bila nor joango den adostu beharko dute jabeak eta maizterrak.
Materiala jasotzeko zehaztu eta jakinarazten ari diren egunetan joatea eskatzen da. Dagokion egunean ez doanak ETEOn eta Kiroldegian gertatuko diren intzidentzia geletara jo beharko dute material bila. Baina kasu horretan, bilketa motelagoa gerta liteke lehentasuna, eguna jarrita dutenak izango baitute.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!