UEMAk, bere babesa eta aholkularitza juridikoa eskainiko dio udalari, aktak euskara hutsez bidaltzeagatik Carlos Urkijok Espainiako Gobernu ordezkariak tartejarri duen helegitean.

2015/01/19

  Pasa den asteartean jakin genuen Carlos Urkijo Espainiako gobernu ordezkariak, Oñatiko udala auzitara eraman duela, gobernu batzordeko eta Osoko Bilkuretako aktak euskara hutsean bidaltzen dizkiolako. Gaia ez da berria, eta aurrez, aktak gazteleraz bidaltzeko errekerimendua egina zuen. Baina udalak, euskara koofizialtasuna argudiatuta eta halako itzulpen zerbitzu sistematikoa egiteak lukeen gain kostua bere gain hartzeko ezintasuna argudiatuta, ezezkoa eman zion Urkijoren eskaerari. Orain berriz, helegitea jarriz epaitegietako bidean jarri du Oñatiko udala, alkateak, asteartean bertan argitu zigunez.

  Baina Oñati ez da egoera honetan aurkitzen den udal bakarra. UEMA, Udal Euskaldunen Mankomunitateko bazkide diren 13 udalek halako helegiteak jaso dituzte. Horretxegatik, UEMAk zapatuan egin zuen urteko batzar nagusian gaia aztertu zen. Zumaian egin zen bileran, udal batzuen aurkako auzibidea baino gehiago dela ohartarazi zuten UEMAko kideek, euskararen ofizialtasuna bera baita zalantzan ipintzen ari dena. Eta Eusko Jaurlaritzaren txosten bat oinarri hartuta, aktak euskara hutsez bidaltzea legezkoa dela uste dute.

  UEMAk, babesa eta aholkularitza juridikoa eskaini die Urkijoren helegitea jaso duten udalei, tartean, Oñatikoari. Gogoratu, Oñati 2012az geroztik dela Udal Euskaldunen Mankomunitateko kide. Zapatuan Zumaian egin zen batzarrean, Zerainen eskaera onartu zen. Asteburutik  UEMA 73 udalek osatzen dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!