Udazkeneko bonu kanpaina urriaren 5ean jarriko du martxan Udalak

2022/09/28
Card image cap
Azaroaren 30era arte luzatuko da kanpaina, beti ere, aurrekontua lehenago agortzen ez bada

  Datorren asteazkenean, urriaren 5ean, abiaraziko du Udalak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduei loturiko udazkeneko bonu kanpaina. Udaberrian egin zen bezala, Oñatin erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte bonuak eta pertsona bakoitzak 50 euro arteko muga izango du %20ko deskontua duten bonuak erosteko.

  Udalak 19.768 euroko aurrekontua du udazkeneko kanpaina honi erantzuteko. Urte hasieran aurreikusitako 15.000 euroei udaberriko kanpainan agortu gabe geratu ziren 4.768 euro batuko baitzaizkio. Datorren asteazkenean hasiko den udazkeneko bonu kanpaina azaroaren 30era arte luzatuko da, beti ere, aipatu aurrekontua lehenago agortzen ez bada. Orain, eta udaberriko kanpainan erabili gabe geratu ziren bonuak, abenduaren 2ra arte gastatu ahal izango dira.

  Bonuak eskuratzeko ohiko bi bideak izango dira: oñati.bonoak.eus webgunearen bitartez edo kanpainara atxikitako saltokietara bertaratuta. Kanpainan parte hartzen duten saltokiak oñati.bonoak.eus web orrian ikusgai daude eta 43 saltoki dira une honetan. Dena den, izena emateko aukera irekita dago eta kanpainak iraun bitartean atxikitzeko aukera dute herriko komertzio eta ostalariek.

  Herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzuetan kontsumo kontziente eta arduratsua sustatzea da ekimenaren helburua. Udaberrian egin zen kanpainan 1.118 herritarrek erosi zituzten bonuak eta 70.903 €ko salmentak sustatu ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!