Udazkena ona izan da Oñatin turismo ikuspuntutik
2022ko turismo datuak zabaldu ditu udaleko turismo teknikariak, iazko urtea, pandemia betean galdutako bisitariak berreskuratzeko bidean, urte ona izan dela azpimarratuz, bereziki, udazkena.
Arrikruzko koban, Txokolateixan eta Turismo bulegoan eskaintzen diren bisita gidatuetan ia 24.000 bisitari zenbatu dira, aurreko urtean baino %34 gehiago, baina 2019an izan zirenaren % 59a. Jaitsiera hori Turismo bulegoan antzeman da nagusiki, 2019an bertaratu zirenen aldean, %53 bakarrik hurbildu baitzen bulegora informazio bila. Baina aipagarria da urte eta erdiz etenda egon diren talde bisitak udazkenean berreskuratu zirela, eta Turismo bulegoko gidariek herria talde antolatutan etorritakoei erakutsiz lan dezente egin zutela urteko azken hiruhilekoan.
2019. urteko datuak erreferentzia hartuta, Turismo bulegotik pasa diren bisitarien kopurua gutxitu egin da. Jatorriari erreparatuta, estatutik etorritakoak nabarmen gutxitu ziren, aldiz, euskal herritarrak eta atzerritarrak gehiago izan ziren, proportzioan.
2022ko azaroan Oñatiko 12 ostalaritza zerbitzuetan 47 lagun zeuden lanean, EUSTATen datuen arabera. Horrek esanahi du, 2019ko azaroan baino bi establezimendu gehiago daudela eta bertan enplegatutakoen kopurua % 26 handitu dela.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!