Oñatiko udala

Udazken-neguko Azken Txanpa azoka antolatu da ostiral-larunbaterako

2024/02/27
Card image cap
Herriko 19 komertziok parte hartuko dute

  Azken txanpa outlet azokan parte hartuko duten merkatari gehienak Txandako kide dira baina badira ekimenera batu diren beste komertzio batzuk ere. Dendetara gerturatzen den orok deskontu eta eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango du, emakume, gizon eta haur modan, lentzerian, mertzerian, osagarrietan, oinetakoetan, etxeko apaingarri, optika eta bestelakoetan. Azken txanpa outlet azokan parte hartzeko asmoa azaldu duten merkatariak hauek dira: Marku, Sillero, Iramira, Mendizabal kirolak, Ane mertzeria Ennea 16, Itziar optika, Haritza, Maibi, Luar, NI, Kuttun, Kimu, Hirukar, Candeluka, Amets-Berezao, Arkauz optika eta Urrutia gizonak. Azken orduan besteren bat ere animatu daiteke.

  Aurreko urteetan bezala beherapen bereziko produktuen erakusketak denda atarietan jarriko dira. Eta erdiguneko kale komertzialetatik aparte dauden zenbait merkatarik, kale Barria aldera ekarriko dituzte eskaintza berezian dituzten produktuak.

  Dendariek, orokorrean, lokal aurrealdera aterako dituzte udazken-neguko azken produktuak, esan bezala, euria iragarrita dago eta jaima moduko estalkiak jarriko dira, seguruenera. Horrek, zenbait gunetan, promozio produktuak kalearen ezker-eskuman jartzea esanahi du, kalea estutuz. Oinezkoen kaleetan arazorik sortu ez dadin, kale Barria eta kale Zaharra itxita mantenduko dira ostiralean eta larunbatean. Ez da motordun ibilgailurik onartuko, ezta zama lanak egiteko ere. Horrela, ikusle-erosleak eta baita saltzaileak ere lasaiago ibili ahal izango dira erdiguneko bi kale nagusi horretan. Baina Azken txanpako eskaintzak, Bidebarrietan, Etxaluzen eta Lazarraga kalean ere topatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!