Oñatiko udala

Udanarako bidea itxita dago zartadura handia ireki baita errepidean

2021/12/13
Card image cap
(Arg: Goiena)
Garibaiko biribilgune berria aste honetan asfaltatzeko asmoa dago baina lanak gauez egitea eskatu du Udalak

  Hiru astez kasik etengabe bota duen euriak hainbat hondamen eragin ditu gure errepideetan, lurjausiak ugari dira, pasa den ostiralean aipatu genizuenez. Errepidea oztopatzen duten lurjausiak garbitzen ari dira baina beste batzuk, Udanarako errepidean edo Errekalde baserritik gorako bidean gertatutakoak, esaterako, konponketa handiagoa eta sakonagoa eskatuko dute.

  Errepide azpiko lurra mugitu da Udanarako bidean eta zoruan zartadura luze bat sortu da. Ondorioz, errepidea itxita dago, atzo, 13:30az geroztik. Aipatu zartadura Udanako miradoretik gora, 100 bat metrora-edo sortu da baina errepidea osorik itxi da. Horren berri ematen duten kartelak jarri dira Elorregiko bidegurutzean eta Legazpin. Udanarako errepideak konponketa garrantzitsua behar du berriro, noiz egingo den ez da zehaztu oraindik Aldunditik, baina lehenbailehen egitea espero dute udal arduradunek, herriak duen bi irteeretako bat delako Udana.

  Herriko beste irteeran, GI-2630 errepidean, lanak egiten ari dira Garibai parean. Abuztuan egiten hasi ziren biribilgunea asfaltatuko da astean, bihartik ostiralera egiteko asmoa dago. Plana lehendik egina zegoen eta tartean Udana itxi beharko zenik ez zuen inork espero. Baina hala egin da eta ondorioz, asfaltatze lanok gauez egitea eskatu dio Udalak Aldundiari, aurreikusitakoa baino handiagoa izango den ibilgailuen joan-etorrian ahalik eta gutxien eragiteko. Proposamena begi onez ikusi dutela jakinarazi digu alkateak baina ordu honetan oraindik erantzunik ez dutela gaineratu digu. Beraz, asfaltatze lanak bihar hasiko dira, egun argiz edo gauez egingo diren zehazteke dagoelarik. Hori bai, asfaltatze lanak egin bitartean trafikoa errail bakarretik eta semaforoz lagunduta bideratuko da. Pazientzia eta lasaitasuna eskatzen da.

  Era berean, eta Udanarako bidean sortu den azken zartadura konpondu eta errepidea berriro ireki bitartean, Arrasate-Zumarraga autobus zerbitzua Oñatiraino bakarrik iritsiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!