Udaltzaingoak gezurtatu egin du Olabarrietako pabilioi batean festa bat itxi behar izan zuenik

2020/11/30
Card image cap
EFE agentziak ostiralean zabaldu zuen albistean udaltzaingoak sare sozialetan zabaldutako informazioa aipatzen da

  Baina Oñatiko udaltzaingoak ez ditu sare sozialak erabiltzen informazioa zabaltzeko, bere izenean halakorik ere ez du, eta ez zuen festarik itxi Olabarrietako pabiloi industrial batean, EFE agentziaren albisteak aipatzen duen bezala. Berriaren jatorria ez dutela ezagutzen aipatu digu udaltzainburuak baina ezer kontrastatu gabe halakoak argitaratzea lotsagarria dela esan digu. Goienako kazetarien bitartez jakin zuen EFEk ostiralean zabaldutako berria eta haiei bezala, guri ere, guztia gezurra dela adierazi digu.

  EFEk ostiral eguerdian kaleratutakoaren arabera, ostiral goizean udaltzaingoak Olabarrietako pabiloi industrial batean ospatzen arituko litzatekeen festa itxi zuen. Ez hori bakarrik, maskararik ez eramateagatik 50en bat isun ere jarriko zituzkeen. Baina informazioa oso osorik faltsua da, esan bezala, ez zen festarik izan Olabarrietako pabilioi batean, ez zen lokalik itxi beharrik izan eta ez zen inor zigortu, ez Oñatiko udaltzainek ezta Ertzainek ere. Informazioa nondik eta zein intentziorekin zabaldu den ez dakite baina guztiz gezurtatu du udaltzainburuak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!