Udaltzaingo zerbitzua zabaldu eta Ertzaintzaren zaintza prebentiboa hobetzeko neurriak hartu daitezen eskatu du EAJk
Udaltzaingoaren zerbitzua gauetara zabaltzeko proposamena 2018ko aurrekontuak eztabaidagai zirela egin zuen Oñatiko EAJk; asteburuetan edota herriko festetan udaltzaingo zerbitzua gauetara zabaltzea proposatu zuten jeltzaleek, babes edota zaintza beharrik izanez gero, herritarrek nora joan izan zezaten. Proposamena aztertzeko utzi zuen udal gobernuak. Azkenaldian Oñatin salatu diren lapurretek sortutako kezka dela eta, udal talde jeltzaleak premiazkotzat jo du segurtasunaren gaia berrikusi eta aipatutako proposamenak eta beste hainbat neurri gehigarri hartzea. Ildo horretan, Urnietako adibidea aipatu du EAJk prentsara zabaldu duen oharrean. Astelehenetik igandera Ertzaintzak gaueko zaintza zerbitzua eskaintzeko Urnietako udalak hitzarmena sinatu du Eusko Jaurlaritzarekin. Oñatin antzerako zerbait egitea proposatzen du udal talde jeltzaleak.
Bide batez, eta segurtasuna indartze aldera kale argiztapena hobetzea ere eskatu dute jeltzaleek. Argiteria hobetzeko proposamena sarritan egin dio EAJk udal gobernuari baina EH Bilduk ez ditu neurri egoki eta eraginkorrak hartzen jeltzaleen hitzetan. Olakua- Olapotoko eremua, kale nagusien alboko kaleak edota landa eremuak puntu beltz direla diote jeltzaleek. Bonbilak aldatzea ez dela nahikoa diote eta jarritako argiak nahikoa ote diren eta egoki argiztatzen duten egiaztatu behar dela dio EAJk.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!