Udaletxeko teilatua eraberrituko da.

2012/04/25
Card image cap
Gaia, azken tokiko gobernu batzarrean aztertu eta erabaki zen. Ugarte enpresak egingo ditu lanak ia 59 mila euroren truke.

  Udaletxeko teilatuak eraberritze premia du. Itoginak ditu eta apurtutako erreten eta teila ugari ere bai.
Arazoa aspaldikoa izanik, lehenbailehen konpontzea erabaki du udal gobernu taldeak. Hala, Ugarte eraikuntza enpresari aurrekontua eskatu zitzaion eta honen proposamena aztertuta, onartzea erabaki da. Udaletxeko teilatua eraberritzeko lanek ia 59 mila euroko kostua izango dute.

  Lanak egiteko hilabeteko epea edo, beharko da. Noiz hasiko diren ordea, zehazteko dago. Bi faktorek eragiten dute lanen hasiera hori: eguraldiak eta korpus ospakizunek.

  Euriak teilatuan ibiltzea zaildu egiten du, teila bustiak labainkor eta hauskorrak baitira. Azken hilabetean kasik egunero euria izan duela ikusita, eguraldia pitin bat egonkortu eta egun batzuetan behintzat ateri egotearen zain daude lanak hasteko.

  Baina ekainaren 10ean Korpus eguna ospatuko dela ere gogoan izan behar da. Teilatua eta erretenak konpondu ahal izateko aldamioak jarriko dira. Korpus asteburuan nazioarteko lasterketa, prozesiñoa eta bestelako ospakizunak izango dira plazan. Udaletxe inguruko aldamioek beraz, arazoak sortuko lituzkete. Ondorioz, ordurako kendu egin beharko lirateke. Lanak egiteko hilabete beharko dela kontutan hartuta, litekeena da Korpusak pasa bitartean ez hastea. Orain ez bada, hilabete eta erdi barru, udaletxeko teilatua berritzeko lanak egin-egingo dira, hartarako premia handia baita.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!