Udaletxeko balkoiak zaharberritu egingo dira

2015/09/21
Card image cap
Azkenaldian hainbat harri zati jausi direla ikusita, harria garbitu eta junturak egonkortzea aurre ikusten da

  Era horretako azken intzidentzia orain aste gutxi gertatu zen, iraila hasieran. Udaletxeko goiko balkoi bateko harri zatia plazara jausi zen. Zorionez, ez zuen inor harrapatu baina zati gehiago jausteko arriskurik ez zegoela ziurtatu arte, ingurua, zintaz itxita mantendu zen.

  Une hartan jo zen eraikin historiko-artistikoen kontserbazio eta zaharberritze lanetan espezializatuta dagoen aditu batengana, beharrezkoak liratekeen lanen aurrekontu eske. Hasteko, balkoiak osatzen duten harriaren azaleko garbiketa egitea proposatzen da eta ondoren, egoera txarrean dauden junturetako morteroak garbitu eta kolonizazio biologikoa kentzea. Prebentzio neurri gisa gainera,  produktu biozida bat aplikatuko litzateke. Horrez gain, jostura diren herdoildutako burdinak aldatu beharko dira eta altzairu herdoilgaitzezko grapa berriak jarri. Amaitzeko, dauden pitzadura eta junturak konpontzea proposatzen da.

  Udaletxea eraikin berezia da, kalifikatutako kultura-ondasuna da. Horretxegatik, edozein lan egin aurretik Foru Aldundiaren esku-hartze baimena behar da. Jose Luis Larrañaga Odriozola adituak osatutako txostena Diputaziora bidaltzea erabaki berri da, baimena eskuratu eta beharrezko konponketa lanei lehenbailehen ekiteko. Okerrik gerta ez dadin, Udaletxeko balkoietako harria garbitu, saneatu eta egonkortzeko lanak egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!