Udaletxeko balkoiak mantentze eta zaharberritzeaz berba egingo da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/11/19
Card image cap
Hainbat harri zati jausi zirela eta, harria garbitu eta junturak egonkortzeko lanak hasi dituzte

  Lehenik, balkoiak apaintzeko jarri ziren lorontziak kendu ziren. Landareak erregadiatzean galtzen zen urak eta jausitako lurrak ez ezik, lorontzien azpian pilatzen zen hezetasunak, harria kaltetzen zutela ikusi baitzen. Ondoren balkoiak osatzen duten harriaren azaleko garbiketa egiten hasi ziren eta horretan dihardute aste honetan ere, hartarako propio kontratatu den enpresako teknikariek. Egoera txarrean dauden junturetako morteroak garbitu eta kolonizazio biologikoa kentzen ari dira. Prebentzio neurri gisa gainera, produktu biozida bat aplikatuko dute. Horrez gain, jostura diren herdoildutako burdinak aldatu eta altzairu herdoilgaitzezko grapa berriak jarriko dira. Amaitzeko, dauden pitzadura eta junturak konponduko dira. Lan hauek dagoeneko hasita daude harri zatiak jausteko arriskua baitzegoen, esan bezala. Baina xehetasunak, alegia, kontratatu den enpresa, egiten ari diren lanak eta aurrekontua besteak beste, gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean azalduko dira.

  Udaletxea eraikin historiko-artistiko berezia da eta Parrokia ere bai. Eta San Migel Parrokiaren teilatua konpontzeari buruz ere berba egingo da arratsaldeko bileran. Gabonetako argiteria edo 80 urtetik gora izaki bakarrik edo bikotearekin bizi diren herritarrei etxean su detektagailuak jartzeko azken kanpainaren datuak ere hizpide izango dira Udal Gobernu Taldearen asteroko bileran.

  Lan zerrendan 58 gai jaso dira guztira eta ia aipatutako horiezaz gain, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatu diren ekitaldien berri emango da eta baita, abenduaren 5ean errepikatuko den Iparragirre Oñatin ikuskizunaren berri. Iparragirre Oñatin Olaitturri elkarteak iazko San Migel jaien atarian estreinatu zuen baina jende asko ikusi ezinik geratu zenez, abenduko lehen zapatuan, berriro eskaintzea erabaki zen. Emanaldiak gainera bi izango dira iaz egin bezala, 19.30tan eta 22.30tan. Ikuskizunerako sarrerak Txokolateixan salgai daude 5 €ren truke.

  Baina abendua iritsi aurretik, azaroa amaitu behar da eta azaroaren 25ean, Indarkeria Sexistaren Kontrako Egunean egingo den arte instalazio publikoaren berri emango zaie Udal Gobernu Taldea osatzen duten kideei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!