Oñatiko udala

Udaletxea larunbatetan itxita egongo da aurrerantzean

2019/02/28
Card image cap
Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan instalatuko diren makinen bidez udal agiriak eskuratu eta ordainketak egin ahal izango dira

  Herritarrentzako Arreta Zerbitzua datorren astean zehar ireki asmo da. Instalazioa egokitzeko azken lanak egiten ari dira. Udaletxeko atzeko sarrerako gunean egokitu den HAZ zerbitzu honen osagarri hainbat makina jarri dira eta bulegoa itxita dagoenean ere erabilgarri egongo dira. Makina horiei esker errolda agiriak edo errezibo kopiak eskuratu ahal izango dira eta ordainketak egin ahal izango dira. Makinak instalatuta daude eta azken konexioak egitea falta da soilik.

  Herritarren Arreta Zerbitzua astelehenetik ostiralera, 7:30tatik 15:30tara zabalik izango da, langileak bertan direla. Arratsaldetan eta larunbatetan aldiz, aipatu zerbitzu telematikoaren bitartez hainbat tramite egin ahal izango dira. HAZ zerbitzuaren egokitze lanak gaur-bihar bitarte amaitzen badira astelehenean jada publikorako irekiko dira, eta bestela, astean zehar irekiko da.

  Arreta zerbitzu hau martxoan hasteko asmoa zegoenez, martxotik aurrera ere, udaletxeko bulegoak zapatutan ixtea erabaki zen eta hala osatu zen bulegoetako langileen urteko lan egutegia. Ondorioz, etzi larunbatez udaletxea eta bertako bulegoak itxita egongo dira, eta halaxe errepikatuko da aurrerantzean, larunbatero.

  Herritarrentzako Arreta Zerbitzua, zerbitzu integrala izango da eta herritarrek udalari egin ohi dizkioten eskaera eta tramiteen arreta bilduko du. Leihatila bakarra deritzon zerbitzu honek egoki funtzionatu dezan, udal departamentu ezberdinen arteko barne harremanetarako eskuliburua prestatu zen, zerbitzua arautzen duen ordenantza onartu zen eta bertan jardungo duten hiru langileak eta koordinatzailea ere izendatu ziren; orain arte idazkaritzan, kontu hartzailetzan eta hirigintza zerbitzuan aritu diren langileak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!