Oñatiko udala

Udaletxea barrutik ezagutzeko irteera antolatu du Pake Leku elkarteak

2022/03/25
Card image cap
“Oñati ezagutu” egitasmo orokorraren baitan kokatzen da asteleheneko bisita

  Kultura eta natura uztartuz Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera ez ezik, Oñati beste era batera ezagutzeko egitasmo berezia abiatu du Pake Leku elkarteak. Hala, otsailean, Natur eskolara bisita antolatu zen eta martxoan, Aloñako lagunak taldeak eta Natur eskolak elkarrekin urteetan gauzatu duten Zuhaitz egunarekin bat egin zen eta astelehenean udaletxera bisita osatuko da.

  Oñati ezagutu egitasmoan beste bisita batzuk ere zerrendatu dira: Sancti Spiritus unibertsitateko kapera eta klaustrora, Parrokiako aldareak eta hilobietara, Agustinoen elizara, Araotzeko surjentziak eta parrokiara, Santa Ana edo Bidaurretako elizetara, hainbat auzotako ermitetara, tokian tokiko historia azaltzearekin batera edota, Gipuzkoako probintziako artxibo historikora, besteak beste. Asteleheneko bisitan parte hartzen dutenek aukeratuko dute, hain zuzen, hurrengoa herriko zein lekutara egingo den. Baina aurretik, eta Izaro Elorza alkatea gidari dutelarik, udaletxea barrutik bisitatu eta udal jardunaren inguruko hainbat kontu ezagutzeko aukera izango dute Pake Lekuko kideek.

  Udaletxearen goialdean ikusten den armarriaz, eraikinaz eta udalak dituen beste hainbat eraikinen inguruko xehetasunak emango ditu alkateak eta udalaren eguneroko jarduna eta eskuartean dituzten proiektu nagusiez azalpenak ere emango dira ordubete iraungo duen bisita berezian. Parte hartzeko ez dago izena aurrez eman beharrik, egin behar den gauza bakarra, astelehenean, 10:30ak aurretxoan, kontzejupera hurbiltzea da udaletxera egingo den bisita gidatua, 10:30tan hasiko baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!