Udaleku irekietarako begiraleak hautatzeko oinarriak aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/03/02
Card image cap
Astelehenean irekitzen da udalekuetan parte hartuko duten haurren izen-ematea

  Uztailaren 3tik 28ra izango dira aurten udalak antolatutako udaleku irekiak. 2005etik 2013ra bitartean jaiotako neska-mutikok parte hartu ahal izango dute. Interesa duten gurasoek astelehenetik aurrera izango dute seme-alaben izena emateko aukera. Baina aldi berean, haurren ardura hartu eta ia hilabetez luzatuko den goizetako aisialdi egitasmoa osatu eta dinamizatuko duen begirale taldea kontratatzeko prozedura abiatuko du udalak. Begirale izan nahi duten gazteentzako izen-ematea martxo amaiera-apirila hasieran irekiko da. Epea, zehazteko dago oraindik. Baina hautagaiek bete beharko dituzten baldintzak eta aukeraketa prozedurari dagozkion oinarriak gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean aztertuko dira. Pertsonal kontratazioari dagokionean, udaleko Giza Baliabideak eta Antolamendu departamenturako teknikari bat hautatzeko oinarriak eta deialdia onartzea ere proposatuko da. Hainbat lan egiteko errefortzuko teknikaria kontratatu asmo da. Halako deialdia egin zen iaz baina aurkeztu ziren lagunek ez zuten hautaketa prozesua gainditu eta bertan behera utzi zen. Orain, deialdi berria egitea proposatuko da.

  Oñatiko lehen sektorea bultzatu eta sustatzeko 2017ko oinarri arautzaileak onartzea, udaletxeko leihoak eraberritzea edota herriko jolas parkeen mantentze lanak ere jaso dira arratsaldeko bilerarako lan zerrendan. Guztira, 49 gaiko zerrenda osatu da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!