Udaleku irekietarako begiraleak hautatzeko oinarri arautzaileak aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Udako oporretara begira jarriko da gaur gobernu taldea eta udaleku irekietarako begiraleak hautatzeko oinarriak aztertuko ditu. Udalekuei zein forma emango zaien unean-uneko osasun egoerak baldintzatuko du baina printzipioz, haur eta familiei zuzenduta aisialdi eskaintza egin-egingo da. Iaz, udako zaintza hezitzaile zerbitzua antolatu zen, gogoratuko duzuenez. Batera edo bestera haurren ardura hartu eta aisialdi programaren antolakuntza egingo duen begirale taldea beharko da eta horiek hautatzeko oinarriak aztertuko dira arratsaldeko gobernu batzarrean. Azken orduko aldaketarik ez badago, begirale izateko izen-ematea apirilaren 6tik 16ra bete beharko dela aurreratu ditu Haur eta Gazteria teknikariak.
Beste hautaketa prozesu bat ere abian jartzea eztabaidatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean, Oñatiko bake epaile eta ordezko berria izendatzeko prozesua, alegia. Bake epaile kargua lau urtean behin berritzen da eta aurreko izendapena 2016an egin zela kontutan hartuta, hautaketa prozesu berria bete behar da. Printzipioz, Oñatin bizi den 18 urtez gorako edonor izan baitaiteke bake epaile. Bake epaileak auzi txikietan parte hartu du eta erregistro tramiteak betetzen ditu: jaiotza, heriotza eta antzerako egiaztagiriak sinatzen ditu eta zenbait instrukzio bideratzen ditu; gatazka txikietan eta epaitegietara iritsi gabe kontziliazio edo lagunarteko ekintzak bideratzen ditu eta ezkontza zibilak ere egiten ditu, besteak beste.
Eltziaren instalazio elektrikoa egokitu eta legeztatzeko proiektua onartu eta lizitaziorako baldintza plegoa eta udalean praktikak egiteko eskaera baten berri ematea ere jaso dira gaurko batzarrerako lan zerrendan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!