Oñatiko udala

Udaleko webgunea berritu da

2021/05/20
Card image cap
Argiagoa, erabilerrazagoa eta dinamikoagoa bihurtu nahi izan da

  Udaleko web orriak itsura eta egitura berria du atzo arratsaldetik. Herritarrek duten informazio beharrari eta tramiteak errazteko eskaerari erantzun nahi izan zaio, teknologiaren erabilera areagotzen ari den une honetan. Atariaren diseinua ez ezik, edukiak ere egokitu dira, urteetako informazio jarioak saturazioa ere sortzen zuelako zenbait ataletan. Hala, web gune argiagoa, erabilerrazagoa eta dinamikoagoa egiten saiatu direla azaldu zen atzoko aurkezpenean. Herritarren lekuan jarri eta zer topatu nahiko luketen pentsatuz osatu da ataria.

  Berri edo ohar azpimarragarriekin batera, kiroldegiko instalazioak erabiltzeko esteka edo kultur ekitaldietarako sarreren erosketa ahalbidetzen duten atalak topatzen dira lehen pantaila nagusian. Baita ere lan eskaintza publikoa, dirulaguntzak edota udalarekiko tramite ezberdinak egiteko loturak. Oharrak eta agendak ere orain arte bezala beraien atal dute web atari berrituan eta behealdean Berbia atala kokatu da, web gune berriaren nobedadeetako bat.

  Berbia atala sortuz Oñatik udal komunikabideen arloan duen aberastasun eta aniztasuna aitortu nahi izan da. Tokiko informazioa lantzen dute Oñati Irratiak eta Kontzejupetik aldizkariak egunero, eta euskaraz. Berbia atalean eguneko albisteak, irratia zuzenean entzuteko esteka, elkarrizketa eta saio berezien podcast-ak eta Kontzejupetik aldizkariaren hemeroteka eskuragarri daude.

  Hilabeteetako lana izan da udal web ataria berritzea. Alde teknikorako CodeSyintax enpresa kontratatu zen eta edukiak udal teknikari eta arduradun politikoen artean eguneratzen joan dira. Lanak, 15.000 euroko aurrekontua izan du. Webgune berria euskarri dinamikoa izatea nahi da, moldagarria eta unean uneko beharretara egokituz joango dena.

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!