Udaleko neguko protokoloa eguneratu da
Udaleko negu-protokoloak izendatzen dituen lau teknikariak eta arduradun politikoak goizean elkartu dira, datozen orduetarako lan plangintza zehazteko, iragarri diren eguraldi prebisioen arabera. Elurra kentzeko udalak duen traktorea eta hiru pick-up-ak palaz hornitu dira, eskuz maneiatzen diren motordun pala-makinak ere gertu daude, eta elur maila noraino jaitsiko den zain daude guztiak. Datozen orduetan goialdeko auzoak zuritzea espero da baina bihar, tarteka, kale mailan ere elurra egin dezakeela diote prebisioek. Auzo bideak garbitzeko ibilgailuak prest daude baina, beharra balego, kaleak garbitzeko esku makinak ere bai. Abisuak, udaltzaingoaren bitartez bideratuko dira, 092 doako telefono zenbakira edo 943 08 10 00 zenbakira deituz.
Astebururako berriz, izotza iragarrita dago eta horri aurre egiteko plangintza ere osatu da gaurko bileran. Dena den, egunez eguneko prebisioak jaso ahala egin beharreko lanak errebisatu eta zehazten jarraituko da.
Oraingoz elurrak ez baina euriak sortu du arazo txikiren bat gurean, bidegorria Madalena parean itxi egin behar izan baita. Errepide nagusia azpitik zeharkatzen duen tunelean ura pilatu da eta ondorioz, bidegorria moztu egin da, Madalenako tunel parean.
San Lorentzoko sarrera-irteeerako aldapak ere laster itxiko dira, asfaltatze lanak egin ahal izateko. Goizean hasi dira San Lorentzo auzoan asfaltatze lanak egiten. San Lorentzo 10. area deritzon gunean, errepide nagusiarekiko perpendikular dauden hiru kaleak asfaltatu dira lehenik eta auzorako sarrera-irteera diren bi aldapak asfaltatuko dira ondoren. Horretarako, aldapen goialdeak itxi egingo dira eta trafikoa, auzoa erditik zeharkatzen duen errepidetik bideratuko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!