Udaleko lan batzordeen zehaztapen eta eraketa erabakiko da gaurko Osoko Bilkuran

2019/06/27
Card image cap
Zubikoa Kiroldegia eraberritu eta handitzeko lanen kontratazio- esleipena ere aztergai izango da

  Hasi berri den legealdian eta udal jardun edo funtzionamenduan oinarrizkoak diren gaiak erabakiko dira arratsaldeko Osoko Bilkura berezian. Udalbatza bera zenbatero bilduko den eta zein lan batzorde eratuko diren eta nola eratuko diren eztabaidatuko da. Alkateak 13 lan batzorde osatzea proposatuko du, aurreko legealdian baino bat gehiago. Izan ere, orain arte batzorde bakarra osatzen zuten Hirigintza eta Zerbitzuak eta Ingurumena eta Landa garapena banatuko dira eta Hirigintza eta Ingurumena gaiez arduratzeko aparteko bi batzorde eratuko dira, eta Zerbitzuak eta Landa garapenak elkarrekin hirugarren batzorde berria osatuko dute. Arratsaldeko bileran, 13 batzorde horien partaideak eta batzorde buruak izendatuko dira.

  Udal funtzionamenduarekin jarraituz, alkate eta zinegotzien dedikazio eta soldatak, dedikaziorik ez duten zinegotzientzako laguntzak eta kalte-ordainak eta talde politikoen asignazioak ere erabakiko dira.

  Alkateordeak eta Tokiko Gobernu Batzarreko kideak nortzuk izango diren erabakita dago jada, Alkate dekretuz erabaki da eta horren berri emango da gaurko Osoko bilkura berezian. Tokiko gobernu batzarra zenbatero bilduko den ere jakinaraziko da, nahiz eta, printzipioz ez den aldaketarik egingo eta ostegunero batzartuko den.

  Organigrama eta funtzionamenduari dagozkion gai horiezaz aparte, udal kutxa zertan den azalduko zaie arratsaldean udalbatzako kideei.

  Zubikoa kiroldegia izango da batzarreko bigarren gai garrantzitsua, kiroldegia eraberritu eta handitzeko lanak esleitzeko gaia jaso baita lan zerrendan. Lehen faseko lanak dira orain esleituko direnak. Lehen faseko lanak baina oinarrian, egungo kiroldegia guztiz eraberritzea aurreikusten duten lanak. Interbentzio nagusia igerilekuan eta kiroldegiaren alde bustian antzemango da baina eraikinaren gainontzeko zonaldeei ere eragingo die. Xehetasunak, 18:30tan hasiko den Osoko bilkura berezian emango dira.

  Zubikoarekin erlazionatuta, bestalde, kiroldegiko mantenu teknikari plaza betetzeko deialdiaren oinarri arautzaileak ere azalduko dira. Alkate dekretuz erabaki zen deialdia egitea, eta ekainaren 5, 12 eta 19ko dataz alkateak sinatutako beste dekretu askoren berri era emango da arratsaldeko bileran. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!