Udaleko kultura departamentuak 53.600 euro banatuko ditu kultur taldeen urteko jardunerako eta sorkuntza lan ezberdinak argitaratzeko

2014/06/25
Card image cap
Kultura departamenduak aurten lehen aldiz kaleratu du herriko talde eta sortzaileei zuzendutako diru-laguntzen deialdi bateratua

  Bi laguntza lerro zehaztu ziren eta diru partida ere, bitan berezituta banatu da. Kultur taldeen urteko ohiko jardun eta programetarako, ia 44.000 euro banatuko dira eta sorkuntza lan ezberdinetarako beste 9.800 euro.

  Urtean zehar egiten dituzten kultur ekintzak aurrera eraman ahal izateko 12 talderen eskaerak jaso ditu udalak deialdi honetan. Bakoitzak aurkeztu duen programazioaren arabera, 43.800 euro banatu dira.

  Diru laguntza handiena, Ganbara Txiki abesbatzak eta Oñatz dantza taldeak jasoko dute, 7.300 eurona bakoitzak.
Abesbatzen taldean, Oñati Ganbara Abesbatzak, 6.400 euro, Oñati abesbatzak, 2800 eta Parrokiako koruak, 2400 jasoko dituzte. Bertso eskolak, 4400 euro izango ditu, Ilunpetan argazki taldeak, 3200 euro, Lizargarate trikitizale elkarteak, 2800 eta Oñatiko Margo taldeak, Laburmetraien rallyko antolatzaileek eta Acesma elkarteak berriz, 2000 eurona. Zerrenda osatuz, Kantoikrit-eko antolatzaileek beste 1200 euroko diru laguntza jasoko dute udaleko kultura departamentutik.

  Baina deialdi honetan, esan bezala, bigarren diru laguntza lerro bat zegoen, sorkuntza lan ezberdinak egin ahal izateko. Hala, 7 proiektu konkretu,  liburu eta grabazioen argitalpenak eta antzerki muntaia bat diruz babestea erabaki du udalak.

  ARTASO elkarteak, Lope 500 egitasmoaren baitan izan ziren hitzaldietan esandakoak bilduz, liburuxka argitaratuko du. Xabier Ugarte ere, Antonino Ibarrondoren biografia prestatzen ari da.
Liburu argitalpenen saila osatuz bestalde, Javier Erostarbek egin duen “Mattin, basoko gidaria” komikirako eta Oñatiko bertsolaritzaren historia bilduz Bertso eskolak argitaratu asmo duen liburua gauzatzeko ere, udalaren diru laguntza izango da. Grabaketei dagokienean bik jasoko dute udalaren diru babesa: Jose de Azpiazu Musika eskolaren 25. urteurreneko CD bikoitzak batetik, eta Ander Astigarragak egingo duenak bestetik. Deialdi honetan, Olaiturri elkartearen proiektuak ere udalaren diru laguntza jasoko du. San Migel jaixetan estreinatu asmo duten IPARRAGIRRE OÑATIN herri antzerkia prestatzen ari dira jada.

  Onartutako diru laguntza hauen zatirik handiena, % 60a, orain ordainduko da eta gainontzekoa, egitasmoa burutu ondoren edo argitalpenak eginda daudenean, likidazioa aurkeztutakoan ordainduko da.

 

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!