Oñatiko udala

Udaleko hirigintza departamentuak ETEO eraikin zaharrean musika entsegu lokalak hartuko dituen espazioa ikusteko bisita antolatu du.

2015/02/24
Card image cap
Bihar goizean egingo den bisita, obra lizitazioan parte hartzeko interesa duten enpresei zuzenduta dago.

  Izan ere, zenbait enpresek eraikina ikustea eskatu baitute, nola dagoen eta lanak nola egin beharko liratekeen hobe definitu eta bere proposamena ahalik eta gehien zehaztu ahal izateko. Eskaera horri erantzunez eta aldi berean esleipenean parte hartzeko enpresa guztiei aukera emanez, egokitu nahi den espazioa ikusteko bisita antolatu da. Bisita, bihar, goizeko 11etatik ordu batera egingo da. Parte hartu nahi duten enpresei, udaleko hirigintza bulegoan adieraztea eskatzen zaie.

  Udalak, ELTZIA proiektuaren baitan lehen musika entsegu-lokalak egokitzeko lanen esleipena abian du.

  Proiektuaren lehen fase honetan, 30-35 metro karratu inguruko 10 lokal eta 65 metro karratuko gela egokituko dira ETEOko eraikin zaharraren erdi sotoa berrituz.

  Lanak, lau hilabeteko epean egin beharko dira eta esleipenerako zehaztu den lizitazio prezioa 379 mila euro gehi BEZa da. Horrelakoetan beti esaten dugunez, enpresek gehienezko kopuru horren pareko edo merkeagoa den eskaintza aurkeztu behar dute lizitazioan kontutan hartuak izan  daitezen. Eta merkatzeak izango du saririk, esleipenerako irizpideko nagusia, eskaintza ekonomikoa izango baita. Gehienera lortu daitezkeen 100 puntuetatik 80 proposamen merkeenak jasoko baititu. Horretxegatik, parte hartzen duten enpresentzat egokitu beharreko espazioa aldez aurretik ezagutzea lagungarria izaten da, proposamen ekonomikoak doitzeko orduan.

  Lanak esleitzerakoan, eskaintza ekonomikoaz gain, beste irizpide batzuk ere kontutan hartu eta baloratuko dira, hara nola, lanen berme epea luzatzea, enpresaren baliabide tekniko eta pertsonalak eta bestelako hobekuntzak proposatzea.

  Gaur zortzi, datorren asteartean, martxoaren 3an amaituko da ETEOko eraikin zaharreko erdi sotoa berrituz, hainbat musika entsegu-lokal egokitzeko lanen esleipenera proposamenak aurkezteko epea. Bitartean, bihar goizean, espazioa ikusteko aukera emango zaie enpresetako ordezkariei.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!