Udaleko gizarte zerbitzuak lekuz aldatuko dira astearen hondarrean
Bidebarrieta kalean Udalak dituen bulegoak eraberritu egin behar dira. Udazkenarekin batera hasiko diren lanok egin bitartean, gizarte zerbitzuetako langileak Ramon Irizar parke ondoko lokal batean kokatuko dira. Leku aldaketa astearen hondarrean egingo da eta, ondorioz, jende aurreko zerbitzua bi egunetan etengo da. Bidebarrieta 12ko bulegoak ostegunean itxiko dira eta Ramon Irizarreko behin behineko bulegoak astelehenean irekiko dira. Gizarte langileekin aurrez aurre egoteko txanda hartu behar da eta ostegun eta ostiralerako ez dute hitzordurik eman, leku aldaketa egin ahal izateko.
Berez Atzeko kalea 6 den eraikinean baina sarrera Ramon Irizarreko plazatik duen galeria lokala da gizarte zerbitzuetarako egokitu dena. Herritarrei harrera egin eta kontsultetarako bulegoak prestatu dira, intimitate eta diskrezio baldintzak beteaz. Arkitektonikoki ez ezik, informatika eta telekomunikazio hornidura aldetik ere behin behineko lokala prest dago eta lanerako dokumentazioa lekuz aldatu eta azken egokitze lanak egitea soilik falta da. Ostegun eta ostiralean zehar egingo dira lan horiek eta zerbitzua astelehenean berriro irekiko da.
Udaleko gizarte zerbitzuek bulegoak aldatuko dituzte baina betiko funtzionamendua izango dute: herritarrek txanda eskatu beharko dute, telefonoz, 943 03 77 00 zenbakira deituta edo elektronikoki, mezua, ongizatea@onati.eus helbidera bidalita. Aurrez aurreko arreta ordutegia ere bere horretan mantenduko da: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, 9:00tatik 14:00tara. Asteazkenak barruko lanak eta bileran egiteko gordetzen dira.
Gizarte zerbitzuen leku aldaketa Bidebarrieta 12ko bulegoak eraberritzeko egingo da. Aipatu bulegoak 2002an estreinatu ziren eta geroztik ez dira berritu, nahiz eta zerbitzua eta, bereziki, langile taldea handitu den. Urteekin sortu diren behar berriei erantzuteko Bidebarrieta kaleko lokala berrantolatuko da; harrera lekua txikitu eta atzealdean bulego berri bat egokituko da, erabiltzaileen erosotasuna eta zerbitzuaren diskrezioa handitze aldera. Lanok, hil akaberan hasi eta 23 astetan egitea aurreikusten da, martxo bukaera-apirila hasierarako amaitzea aurreikusten da. Burgosko APLIBUR enpresak egingo ditu, 221.700 eurotan.
Bidebarrieta kaleko udal bulegoetan gizarte zerbitzuetako langileekin batera dauden enplegu eta turismo teknikariak udaletxera aldatuko dira astean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!