Udaleko Gizarte Zerbitzu departamentuan aurrez aurreko kontsultak hartuko dira astelehenetik aurrera

2020/05/22
Card image cap
Hitzodua eskatu behar da Bidebarrieta kaleko bulegoetara joan aurretik

  Tokiko administrazio publikoko aurrez aurreko zerbitzuak berriro irekitzen ari dira. Udal artxiboa izan zen lehenengoa, udaletxeko Herritarren Arretarako Zerbitzu bulegoa eta hondakinen kuboak ordezkatzeko zerbitzua etorri ziren ondoren, eta hurrengoa, astelehenean, Bidebarrieta kalean bulegoak dituen Gizarte Zerbitzu departamendua izango da.

  Gizarte Zerbitzuetan ez da herritarrekiko arretan etenik izan eta telematikoki ari dira kontsultak bideratzen, baina aurrez aurrekoei maiatzaren 25ean berrekingo diete. Hori bai, aurrez txanda eskatu beharko da 943 037 700 telefonora deituta edo ongizatea@onati.eus helbidera idatzita, eta gaiaren arabera, bakoitzari dagokion gizarte langilerekin emango zaio hitzordua. Gizarte Zerbitzuen bulegoetan herritarrak 9:00tatik 14:00etara hartzen dituzte, astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan. Asteazkenetan ateak itxita egoten dira, bilerak eta barne lanak egiteko.

  Gizarte Zerbitzu udal departamentuan sei laguneko taldea ari da lanean: administraria, lau gizarte langile eta zerbitzu koordinatzailea. Gainera, aurrez aurreko kontsultak bideratzen laguntzeko beste langile bat aritko da. Bulegoetan jende pilaketarik gerta ez dadin, gizarte langileak txandaka arituko dira eta bi izango dira egunero aurrez aurreko kontsultak hartuko dituztenak. Herritarrei puntualak izatea eskatzen zaie. Era berean, zerbitzura doanak maskararekin joan beharko du eta idazteko ere bere boligrafoa eraman beharko du. Sartu aurretik, kalentura hartu eta gel hidroalkoholikoz eskuak garbitzea eskatuko zaio. 

  Zabalik eta dagoeneko aurrez aurreko arreta ematen ari dira Oñargi-ren bulegoan. Oñargik eta CHC Energiak Bidebarrieta kalean duten bulegoan aurrez aurreko arreta zerbitzua eskaintzen hasi ziren pasa den astean, ohiko ordutegian, astelehenetik ostiralera, 09:00tatik 14:00tara.  Kasu honetan ez da aurrez hitzordurik hartu behar, baina bulego barruan bezero bakarra egon ahal izango da aldiro. Bestalde, bulego berean egoitza duten beste zerbitzuetarako hitzordua behar da. Hala, SURADESAk asteartetan ematen du zerbitzua (9:45-13:00). Hitzordua hartzeko: 943793389 (7:30-14:30) eta 685737222 (9:00-13:00). BASOZAINak ostegunetan (8:30-13:00) eskaintzen du arreta presentziala. Hitzordua hartzeko: 649859803. NEKAZAL BULEGOA oraingoz itxita egongo da (Bergarako bulegoa 943415068) eta LANBIDEren Oñatiko bulegoa ere itxita egongo da (Arrasateko bulegoko telefonoa: 943793090).

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!