Oñatiko udala

Udaleko giza baliabideak eta antolakuntza departamentuan errefortzurako langilea kontratatuko da

2015/11/02
Card image cap
Sei hilabeterako kontratua egingo zaio aldi baterako programa gauzatu dezan

  Administrazio publikoetako giza baliabideei zuzenean eragin dizkieten hainbat lege eta neurri hartu ditu estatuko gobernuak azken urteotan, krisia dela eta. Baita Oñatiko Udalari ere. Horren ondorioz, udaleko giza baliabideek orokorrean, azterketa sakona bat behar dute, eta hauek antolatzeko tresnak egokitu behar dira. Udal gobernu taldeak gainera, datorren urtean lan eskaintza publikoa onartu asmo du, baina estatuko legeek ezartzen dituzten mugak gainditzeko ahalik eta berme juridiko zabalenak behar dira. Hori guztia gogoan, aldi baterako programa bat onartu da eta hori gauzatuko duen pertsona kontratatu asmo da. Programak urtebeteko iraupena izango luke baina hartaz arduratuko den langilea, hasteko, sei hilabetetarako kontratatuko da.

  Udalean sortu den aldi baterako lanpostu honetara aurkeztu ahal izateko, zuzenbidean, ekonomian edo enpresa zientzietan lizentziatura izatea eskatzen da eta euskarari dagokionean, laugarren hizkuntza eskakizunaren maila.
Zabalik dago hautaketara aurkezteko epea, hilaren 17ra arte.

  Lanpostua, oposizio lehiaketa sistemaz beteko da. Lehiaketa fasean, hautagaien lan eskarmentua eta formazio osagarria kontutan hartuko da. Oposizio edo azterketaldian berriz, lanpostu deialdiarekin batera argitaratu den gaitegia oinarri hartuta, azterketa teoriko eta praktiko bana gainditu beharko da eta eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek, euskarako azterketa ere gainditu beharko dute. Kontratatzen den langileak, bitarteko funtzionario izaera izango du.

  Udaleko giza baliabideak eta antolakuntza departamentuan kontratatuko den errefortzurako langileak honako eginkizun hauek izango ditu, besteak beste: Udaleko giza baliabideen antolakuntza eta kudeaketa hobesteko dauden aukerak aztertu eta proposamenak lantzeko laguntza teknikoa ematea, giza baliabideak arrazionalizatzeko programak, berresleipenak eta lanpostuen behin betiko nahiz behin behineko horniketa prozesuetan parte hartzea eta Udalaren datorren urteko lan eskaintza publikoaren azterketa, tramitazioa eta exekuzioaren ardura.

  Lanpostuari dagozkion baldintzak eta bestelako xehetasunak, www.oñati.eus atarian ikusi daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!