Udalbatzak aho batez onartu zuen Saharako Arabiar Errepublikaren aldeko mozioa.

2014/03/03
Card image cap
Sahararako Errepublika aldarrikatu zeneko 38. urteurrena bete zen ostegunean, Osoko bilkura egunean.

  Lan zerrendatik kanpo eta urgentziazko prozeduraz aurkeztu eta onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran “SAHARA 38. urteurrena, 2014ko otsailaren 27a” zioen mozioa. Osteguna, justu, otsailaren 27a zen. Egunean zehar Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren bandera udaletxeko balkoian jarrita egon zen. Eta arratsaldeko Osoko Bilkuran, Euskadi-Sahara koordinakundeak igorritako idatzia bere eginez, Oñatiko udalbatzak babesa eta elkartasuna adierazi zion Saharar herriari. Era berean, nazioarteko komunitateari eskatu zion bitarteko guztiak erabili ditzala Saharar herriaren gatazka behin betiko konponbidean jartzeko eta giza eskubide guztien babesa ziurtatzeko.

  Osoko bilkurak aho batez hartutako erabaki hau Espainia eta Marokoko gobernuei jakinaraziko zaie. Udalaren web komunikaziorako euskarrietan ere saharar herriari babesa adieraztea erabaki zen.

  Onartutako mozio-idatziaren hasieran zehazten denez Mendebaldeko Saharako lurraldearen bi herenen okupazioa urteetan luzatzen ari den okupazio militarra da. Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak legez kanpo ustiatzen direla ere salatzen da. Zenbait arlotan, arrantzaren kasuan esaterako, legez kanpoko ustiapen hori Europar Batasunaren konplizitateaz bermatzen delarik. Eta Mendebaldeko Saharako herritarren oinarrizko giza eskubideak  etengabe zapaltzen direla ere salatzen da mozioan. Giza eskubideen aurkako erasoen testigantzak pasibotasunez begiratzen direla salatzen da, Nazio Batuen Erakundeak, munduan zehar dituen bake misioen artean, Mendebaldeko Saharakoa baita giza eskubideen arloan eskuduntzarik ez duen misio bakarra.

  Inolako eztabaidarik gabe eta udalbatza osatzen duten ordezkari guztien aldeko botoz onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran Saharako Arabiar Errepublikaren aldeko mozioa.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!