Oñatiko udala

Udalak, telefono kabina bat kentzeko baimena ukatu dio berriro ere TELEFONICAri.

2013/05/21
Olakuako kabina kendu nahi zuten baina dentsitate handiko auzoa dela argudiatuz, baimena ez ematea erabaki da.

  Ez da lehen aldia erabilera publikoko telefonia zerbitzua ematen duen Telefonica de España enpresak telefono kabina bat kentzea eskatzen duela. Aurretik, Unibertsitate etorbidean dagoena eta Zubillaga auzokoa kentzeko baimena bideratu izan du. Eta bi kasu horietan ere udalaren ezezkoa jaso du.
Jakina da telekomunikaziorako merkatuan aldaketa handiak gertatu direla azken urteetan, eta egun, telefonia arloan ere aukera ugari daudela. Horrek, telefono kabinen erabilera asko jaitsi duela eta, Oñatin instalatuta dauden kabinen berrantolaketa aztertu du Telefonica enpresak.

  Oñatik biztanle kopurua kontutan hartuta herriari lau kabina dagozkiola dio enpresak, nahiz eta egun zortzi dauden. Aldi berean, zerbitzu egokia emateko eskaintza dagoen eskaerari lotzea garrantzitsua dela azpimarratzen du Telefonikak bere idatzian. Horretxegatik, egun gutxi erabiltzen den Olakuako kabina kentzeko eskaera egin dute.

  Udalak, esan bezala, ezezkoa eman dio. Eta horretarako bi arrazoi argudiatu ditu udal gobernu taldeak: erabilera publikoko telefonia zerbitzua mantentzea beharrezkoa dela eta kendu nahi den kabinaren kokalekua. Hau da, biztanleria dentsitate handienetakoa duen auzunean kokatuta dagoela eta inguruan, herriko autobus geltoki bat duela. Horretxegatik, udalak, Olakuako kabina kentzeko Telefonicak luzatu duen eskaerari ezezkoa erantzutea erabaki da azken tokiko gobernu batzarrean.

  Baina horrezaz gain, Telefonicarekin zer ikusia zuen beste gai bat ere aztertu zen azken tokiko gobernu batzarrean eta Telefonicari errekerimendua egitea erabaki zen.

  Moiua kaleko 6. zenbakia den eraikinaren ostean, ustez Telefonicarena den edukiontzi metaliko batek sortu du gaia. Edukiontzi horrek lurzoru publikoa okupatzen du eta bizilagunak kexatu egin dira, jendea gainera igota etxebizitzetara iritsi daitekeelako.

  Udaleko hirigintza sailak Telefonicari dagozkion espedienteak begiratu ditu eta halako edukiontziaren aipamenik ere ez du topatu. Horretxegatik, Telefonica de España enpresari azalpena eskatu eta edukiontzia kentzeko errekerimendua egitea erabaki du Tokiko gobernu batzarrak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!