Oñatiko udala

Udalak, Prodelatxa elkarteari alokatuko dio Berezaoko industrialdean latxa ardi esnearen biltegia kokatzeko lokala.

2012/07/18
Hartarako deitu zen lehiaketara 12 artzain biltzen dituen elkarte honen proposamena bakarrik aurkeztu zen.

  Prozesua bera ere, 12 artzain horien eskaerak abiarazi zuela gogoratu behar da.
Gazta enpresa bati latxa ardi ernea saltzen dioten hainbat artzainek zituzten zailtasunen berri eman zieten udal ordezkariei iazko urte akaberan. Esnea biltzeko lekurik ez eta, gaztandegiko kamioi zisternaren zain Urrintxo ondoko orubera joaten ziren bi egunetik behin. Baina esne bilketa sistema hori oso garestia zela esanez, enpresa kexu eta mehatxuka zuten. Gainera, iaz onartu zen lege baten arabera, hotz katea mantentzera behartuta zeuden. Orain arteko bilketa sistemak ez zuen baldintza hori betetzen. Ondorioz, eta babes bila, udalera jo zuten ardi esnearen biltegia jartzeko lokal eske.

  Udalak, Berezao industrialdeko sarrerako etxea 55.000 erosi zuen eta bertan dagoen 15 metro kuadroko gela bat errentan eskaini zuen.

  Proposamen bakarra jaso zen esan bezala, eta berriki egin den plika irekieran baldintza guztiak betetzen zituztela ikusita, esleipena eskaintza hori aurkeztu zuen PRODELATXA elkarteari egitea erabaki da. Hileko errenta moduan, lehiaketan finkatu zen lizitazio prezioa ordainduko dute: 30 euro gehi BEZa.

  Orain dena den, esleipena gauzatu dadin, 360 euroko behin betiko garantia jarri beharko du elkarteak. Hile amaierarara arteko epea du berme ekonomiko hori jartzeko.

  Behin esleipena eginda, eta arrendamentu baldintzen arabera, PRODELATXA elkarteak hiru hilabeteko epea izango du, latxa ardi esne abiltzeko zisterna kokatzeko.

  Udalak, ardi esne ekoizle elkarte honekin sinatuko duen kontratua, gehienera 20 urtez luzatu ahal izango da. Hala ere, udalaren esku geratuko da lokala edozein momentutan berreskuratzeko eskubidea.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!