Oñatiko udala

Udalak, prebentzio arloko bi programa gauzatzeko zerbitzu kontratazioa egingo du.

2012/07/13
Arriskuan dauden adingabeekiko familietan esku hartze programa eta kale heziketa programa beteko dituen enpresa kontratatu nahi da.

  Horixe da hain zuzen ere, Oñatiko udalak egin duen deialdiaren berezitasuna, bi programak enpresa bera eta bakarraren esku uztea. Orain arte, udalak prebentzio arlo hau jorratu du, terapia eta gizarte arloan eraginez eta kale heziketa arloa ere landuz baina kasu bakoitzean enpresa ezberdinetara jo da. Bi programak elkarren osagarri direnez, koordinazioa hobetze aldera, enpresa bakarra kontratatzea erabaki da.

  Familiei zuzenduta, terapia arloko eta gizarte eta hezkuntza arloko esku hartze programa landuko da profesionalek gidatuta. Programa hau bereziki, babesgabezia egoeran izateko arriskuan dauden pertsonak dituzten familiei zuzenduko zaie.

  Baina aldi berean, arrisku egoeran dauden aurre-nerabe eta nerabeekin bakarka eta taldeka ere ingurune ireki batean lan egingo da, kale heziketa programa lantzen.

  Lehiaketara aurkeztuko diren enpresek, eskaintza ekonomikoaz gain, proiektua aurkeztu beharko dute. Lanen azalpen memorian erabiliko den lan metodologia, giza baliabideak eta esperientzia azaldu beharko dira besteak beste.

  Udalak, bi programetarako gehienezko prezioak mugatu ditu. Enpresek beraz, horren pareko edo merkeagoa den eskaintza egin beharko dute. Terapia arloko eta gizarte eta hezkuntza arloko esku-hartze programan, banaka nahiz familiarekin izango diren saio terapeutiko eta esku hartze orduen prezioa finkatu da. Kale hezitzaile programan berriz, diru kantitate orokor bat zehaztu da, 60.000 euro. Baina kopuru horren erdia, arituko diren 2 hezitzaile eta koordinatzailearen soldatetarako bideratu behar dela argituz.

  Udalak, hasiera batetan bi urterako kontratua eskaintzen die enpresei, hori beste hiru urtez luzatu daitekeelarik.

  Udalak kaleratu duen lehiaketa honekiko interesa duten lehen enpresen deiak jaso dituzte jada gizarte zerbitzu departamentuan. Zein dokumentazio behar duten jakinarazi zaie eta eskaera aurkezteko epearen uztailaren 26an amaitzen dela ere adierazi zaie.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!