Udalak osatuko dituen pioi eta pioi-gidari lan poltsetarako onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak argitaratu dira

2015/11/24
Card image cap
Erreklamazioetarako epea ostiralean amaituko da

  Pioi lan poltsarako 35 lagunek eman zuten izena baina 27ren hautagaitza onartu da bakarrik. Gainontzeko 8ren eskaerak behin-behinekoz atzera bota dira hainbat agiri ez aurkezteagatik. Eskatutako titulazioa, gida baimena edo nortasun agiriaren kopiak ez aurkezteagatik, 8 lagunen eskaerak baztertu egin dira. Ostiralera arteko epea dute dena den, eskaerarekin batera presentatu beharreko egiaztagiri eta kopiak aurkezteko, erreklamazioetarako epea, azaroaren 27an amaitzen baita. Pioi lan poltsarako onartu eta baztertuen behin behineko zerrenda, udaletxeko iragarki taulan eta udal webgunean ikus daiteke.

  Beste horrenbeste, pioi-gidari lan poltsari dagokionean. Kasu honetan, 14 eskaera jaso ziren eta 9 onartu dira, gainontzeko 5ei agiriren bat aurkeztea falta baitzitzaien, titulazioa edo gida baimena. Ostiralera arteko epea dute hauek ere, erreklamazioa egin eta falta dituzten agiriak aurkezteko.

  Datorren astean jada, pioi eta pioi-gidari lan poltsetako onartu eta baztertuen behin-betiko zerrendak argitaratzea espero da eta hortik aurrera, deialdietan zehaztu ziren hautaketa prozesuak martxan jarriko dira. Hau da, hautagaiek, azterketa teoriko eta praktikoa egin beharko dute eta eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, euskarazko proba ere bai. Baina hori ondorengo asteetan izango da. Orain, eta ostiralera bitartean, argitaratu diren onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendekiko erreklamazioak egiteko epea dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!