Oñatiko udala

Udalak neurri ekonomiko eta fiskalak hartu ditzan proposatu dute jeltzaleek, koronabirusari aurre egiteko

2020/03/31
Card image cap
Zerga karga arintzeko neurri fiskalak hartu eta dirulaguntzak ematea eskatu dute

  Eskaera osteguneko Osoko Bilkuran egin zuten zinegotzi jeltzaleek, 2019ko udal aurrekontuen likidazioa aurkeztu zenean. Likidazio horrek 13 milioi euroko diruzaintza gerakina utzi duela aipatzen dute jeltzaleek prentsara zabaldutako oharrean, baina gerakin handi hori sortu izanaren arrazoi nagusia gastuen gauzatze maila baxua dela azpimarratzen du Ainhoa Galdos bozeramaleak, iaz inbertsioetarako onartu ziren ia 15 milioi eurotatik 4 milioi t’erdi euro soilik gauzatu direla zehaztuz. Gerakinaren ia 8 milio eta erdi martxan diren lanetarako konprometituta daudela jakinik, horien txertaketa alkate dekretuz egin dela gaineratzen da jeltzaleen oharrean, baina bi milioi inguruko kreditu gehiarriaren inguruan udal gobernuak proposamen itxia eraman zuela adierazi zuen Galdosek Osoko Bilkuran eta ondorioz, oposizioak ekarpenik egiteko aukerarik ez zuela izan azpimarratzen da idatzian.

  Gerakina zertara bideratu erabakitzeko dokumentua martxoaren erdialdean idatzi zela ere gogoratu du Ainhoa Galdosek, hau da, alarma egoera indarrean sartu aurretik. Geroztik egoera erabat irauli dela eta horretara egokitu beharko litzatekeela proposatu zuten jeltzaleek. Lehentasunak berriro zehazteko denbora hartzea eskatu zuten Osoko Bilkuran eta gaia mahai gainean uztea, baina ez zen onartu eta jeltzaleek kontra bozkatu zuten.

  Gauzak horrela, gerakineko 2,5 milioi euroak zuhurtzia handienarekin kudeatzea eskatu zuen EAJk, egungo egoera aintzat hartuta eta krisiari aurre egiteko neurriak hartuz. Jon Kepa Gerrikagoitia zinegotzi jeltzaleak esan zuen, Covid-19ak sortutako osasun larrialdiak Oñatiko sektore ekonomikoetan eragin handia izango duela, bereziki merkatari, ostalari, autonomo eta enpresa txikietan eta udalak badituela tresnak eragin ekonomiko hori arintzeko. Zerga-karga arintzeko neurri konkretuak proposatu zituen: itxita dauden bitartean hondakinak biltzeko tasaren kobrantza etetea, terrazak jartzeari dagokion tasa ere ez kobratzea eta % 75eko hobariak aplikatzea zergetan, osasun-larrialdiak eragiten dien negozioei. Era berean, dirulaguntzak ematea proposatu zuen zinegotzi jeltzaleak; gastu bonoen bitartez kontsumoa aktibatzeko 75.000 euroko dirulaguntza lerroa sortzea. Udalak %10 bere gain hartuta, 750.000 euro mobilizatuko liratekeela zehaztu zuen. Dirulaguntza lerro hau gainera, Lanbidek eskainikoekin osagarriak izango liratekeela argitu zuen Gerrikagoitiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!