Oñatiko udala

Udalak martxora bitartean bost antzerki ikuskizun antolatu ditu, bi haurrei zuzenduta eta hiru, publiko helduarentzat.

2015/01/20
Card image cap
Sarrerak, dagoeneko salgai daude bibe.me atarian.

  Udaleko Kultura Sailak zehaztu du urteko lehen astetarako arte eszenikoen programazioa. Asteburu honetan bertan, zapatuan eta domekan, antzerki lan bana eskainiko da Santa Ana aretoan, baina inauteriak tarteko, otsailaren 13 eta 17an ere, ikuskizun bana izango dira. Ondorengo asteetarako egitaraua osatuz, berriz, martxoaren lehenean ere, helduei zuzendutako antzerki emanaldia izango da Santa Ana aretoan. Baina banaka joan gaitezen.

  Larunbatean, Txalo taldeak, “Mollie Mallonen ipuin sineztesina” lana antzeztuko du Santa Ana aretoan. Arratsaldeko 5etan hasiko den emanaldia, haur eta familiei zuzenduta dago.

  Igandean berriz, publiko helduari zuzenduta, “Arrastoak” antzezlana eskainiko da Santa Ana aretoan bertan. Dejabu –Panpin laborategiak muntatu duen lan berri honek, belaunaldien arteko sentimenduen transmisioaz berba egiten du. Gertaera misteriotsu batek, urteetan gordeta mantendu den jakin-mina astinduko du. Arrastoak lanaren emanaldia arratsaldeko 7.30tan hasiko da.

  Baina asteburu honetako eskaintza bikoitz horrezaz gain, otsailean eta inauterietako programazioaren baitan beste bi lan ere antzeztuko dira, berriro, publiko jakin bati zuzenduta. Helduentzako, “Erdibana” antzezlana izango da otsailaren 13an, gaueko 10.30tan. Txalo taldearen komedia berri honetan, Anjel Alkain eta Iker Galartzak parte hartzen dute, gaixorik baina hiltzeko gogorik ez duen emakume baten bi seme oso ezberdinen papera jokatzen.

  Inauteri asteartean berriz, pailazoak izango dira txikienentzat. Kiki, Koko eta Moko pailazoak Zubikoa Kiroldegira hurbilduko dira arratsaldeko 5etarako.

  Eta datozen asteetarako arte eszenikoen eskaintza osatuz, martxoaren lehenean, “Maitasun ostean maitasuna” antzezlana eskainiko da Santa Ana aretoan, berriro publiko helduari zuzenduta. Ados taldearen produkzio berria da.

  Kiroldegian doan izango den ikuskizuna izan ezik, gainontzekoetarako sarrerak salgai daude jada bibe.me atarian. Zapatuko haurren antzerki emanaldirako sarrerak, 3 € eta 50 xentimotan, eta gainontzekoak, 10 €tan.  Gogoratu, asteburu honetan, zapatuan eta domekan izango diren antzerki emanaldirako bina sarrera ditugula zuen artean banatzeko eta ostiralean egingo ditugun zozketa horietan parte hartzeko, 943.782072 telefonora deituta izena eman behar diguzuela.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!