Udalak, LKS ingenieria etxeari eskatu dio herri-guneko espazio publikoen hobekuntzarako azterlana.

2012/02/21
Maiatzerako eskuratu asmo den lanaren arabera erabakiko da zein haur jolasleku estali.

   Aurtengo aurrekontuetan jada jaso zen herri-guneko espazio publikoen diagnosikoa eta hobetzeko proposamenak bilduko dituen azterlana egitea. Horren haritik, bi haur parke estaltzeko egitasmoa ere badago. Estaltze lan horietako bat, ahal dela, udararako egin nahi da. Ondorioz, orain LKS ingenieria etxeari eskatu zaion azterlana maiatzerako osatu beharko da.

  San Martingo zuhaiztia, Etxaluzeko jolaslekua, Errementari plaza, Foruen enparantza eta ondoko aparkalekua nahiz pilotalekua izango dira lan honetan aztertuko diren espazioetako batzuk. Gune publiko hauen ezaugarriak aztertuko dira: segurtasuna, funtzionalitatea, irisgarritasuna eta biodibertsitatea izango dira besteak beste, neurtu eta jasoko diren parametroak, beti ere, gunearen kalitatea eta erabilgarritasuna zehazteko.

  Datu bilketa hauen ondorioz, gune bakoitza hobetzeko proposamenak aurkeztuko dira. Erabilera, diseinu, eta funtzioa aukera desberdinak zehaztuko dira.

  Herri guneko espazio publikoetan etorkizunean egin daitezkeen hobekuntza lanetarako oinarrizko dokumentu edo tresna izango da beraz, orain eskatu den azterlana.

  BILDUren hauteskunde programan, zenbait haur jolasleku eta plazako pilotalekua estaltzeko asmoa jaso zen. Eguraldi txarrari aurre eginez, edozein urte sasoitan erabiltzeko aukera izateko. Baina zein jolasleku estali erabakitzeko edota pilotalekuaren beraren erabilgarritasuna hobetzeko aukera ezberdinak ezagutzeko, orain abiatu den azterlana funtsezko dokumentua izango da. 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!