Udalak lau langabetu kontratatuko ditu Lanbiderekin elkar lanean

2015/06/02
Card image cap
3 basolanetan arituko dira eta bat, udal brigadan

  Lanbidek, orain hilabete gutxi kaleratu zuen 2015eko Enplegu Plana. Iaz abian jarritako eredua jarraituz, programaren eskaera eta kudeaketa Mankomunitatearen bitartez egin da. Hala, Debagoienera zuzendu den diru poltsa banatzeko irizpide nagusia, herri bakoitzeko biztanle kopurua izan da. Oñatiri, ia 46.500 euro dagozkio. Edo beste era batera esanda, lau langabetu kontratatzeko oinarri ekonomikoa. Lanbideren diru ekarpenak, kontratu bakoitzaren % 65a inguru estaliko du eta gainontzekoa, Udalak jarriko du. Lau langile, 6 hilabeterako eta lan jardun osoz aritzeko kostua, gizarte segurantzako kuotak barne direlarik, 72.000 euro baita.

  Eskaera egiterakoan, Oñatin kontratatuko diren lau langabetuen zereginak zehaztu ziren. Pioi lanetan arituko dira, hiru mendi eta baso lanetan eta laugarrena, berriz, udal brigadan. Auzoak eta landa garapena arloan arituko direnek auzo-bideen mantenuan, areken garbiketan, belarra mozten edota Aloña aldean, larreetako karduak mozten arituko dira nagusiki. Horretarako, basolanetan esperientzia izatea eskatuko da. Udal brigadan arituko denak berriz, oinarrizko mantenu lanak eta muntaia-desmuntaia lanetan jardun beharko du. Laurei, sei hilabeterako egun osoko kontratua egingo zaie.

  Mankomunitatetik Lanbidera zuzendu da jada Debagoienean kontratatu asmo diren langabetuen perfila zehazten duen eskaera. Garapen agentzian eta Udaletan, erantzun ofizialaren zain daude hautatze prozesuak abian jartzeko. Langileen aukeraketa, Lanbideren bitartez egingo da.

  Oñatiko hautaketa prozesua lehenbailehen egitea komeni da, mendiko lanak uda aldean hastea aurre ikusten baita. Lanbideko erantzuna noiz iritsiko zain daude, aukeraketa martxan jartzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!