Udalak lau langabetu kontratatuko ditu 6 hilabetez mendi eta baso lanetan eta brigadan aritzeko

2015/06/25
Card image cap
2015eko Enplegu Planaren baitan egindako eskaera onartu berri du Lanbidek

  Jakinarazpen ofiziala jasota, aldi baterako lan eskaintza hauek uztaila hasieran argitaratuko dira Lanbideko web orrian eta hautaketa prozesua uztailean zehar egingo da. Izen ematea Lanbideren bitartez egin beharko da eta horretarako Lanbiden lan-eskatzaile gisa alta emanda egon beharko da.

  Udalak kontratatuko dituen lau langabetuak pioi lanetan arituko dira, hiru mendi eta baso lanetan eta laugarrena, berriz, udal brigadan. Auzoak eta landa garapena arloan arituko direnek auzo-bideen mantenuan, areken garbiketan, belarra mozten edota Aloña aldean, larreetako karduak mozten arituko dira nagusiki. Horretarako, basolanetan esperientzia izatea eskatuko da. Udal brigadan arituko denak berriz, oinarrizko mantenu lanak eta muntaia-desmuntaia lanetan jardun beharko du. Laurei, sei hilabeterako egun osoko kontratua egingo zaie.
Oinarrizko baldintza bat bete behar da lanpostuetara aurkezteko, Oñatin erroldatuta egotea. Horrezaz gain, baso lanetan arituko direnei, halakoetan esperientzia izatea eskatuko zaie.

  Hautagaiek, lehen izen ematea Lanbideren bitartez egin beharko dute baina langileen hautaketa udalak berak egingo du. Mendiko lanak lehenbailehen hastea komeni denez, hautaketa prozesua bera ahalik eta arinen egin asmo da. Izen ematea, uztaileko lehen egunetan eginda, langileak, hilea amaitu baino lehen jada lanean hastea nahi da.

  2015eko Enplegu Plana Mankomunitatetik bideratu da baina eskualdeko herri bakoitzak duen biztanle kopuruaren arabera, hainbat diru eta ondorioz, hainbat langile kontratatzeko aukera dagokio. Oñatiri, ia 46.500 euro dagozkio. Edo beste era batera esanda, lau langabetu kontratatzeko oinarri ekonomikoa. Lanbideren diru ekarpenak, kontratu bakoitzaren % 65a inguru estaliko du eta gainontzekoa, Udalak jarriko du. Lau langile, 6 hilabeterako eta lan jardun osoz aritzeko kostua, gizarte segurantzako kuotak barne direlarik, 72.000 euro izango da, gutxi gora behera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!