Udalak, kiroldegiko garbiketa zerbitzua lizitaziora atera du.
Berez, 2009an bukatu behar zen, Udalak Garbilan enpresarekin zuen zerbitzu kontratua. 2003an izenpetu ziren lau urteko hitzarmena, bi aldeen adostasunez beste bi urtetarako luzatu baitzen.
Gaia bideratzeko, kiroldegiko garbitze zerbitzuak lizitaziora ateratzea erabaki da eta hartarako iragarkia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da jada. Horrela, interesa duten enpresentzako proposamenak aurkezteko epea ireki da.
Enpresek, beren eskaintzak, hiru sobre edo gutunazaletan aurkeztu behar dituzte; lehenean, enpresaren nortasun juridikoa eta kontratatzeko ahalmena egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira, bigarrenean, egingo dituzten lanen azalpen memoria eta hirugarrenean berriz, proposamen ekonomikoa.
Azken hau, eskaintza ekonomikoa da gehien baloratuko dena, 100 puntutik 55 eskuratzeko aukera emango baitu, baina memoria teknikoa ere garrantzitsua izango da, erabakigarriak izan daitezkeen 45 puntu emango baititu. Hala, makineria nahiz tresneria aldetik proposatzen diren baliabide teknikoak, zerbitzu koordinazioa bai kiroldegiarekin eta baita zerbitzuko langileekin, kontratuaren ikuskapen eta kontrola, metodologia, kalitatea eta plangintza eta proposatutako hobekuntzak baloratuko dira.
Eskaintzen balorazioan berdinketarik balego, pertsonalean minusbaliatuak izatea, gizarteratze eta laneratzea helburu duen enpresa izatea edota bidezko merkataritzako erakundetzat onartutako enpresa izatea bereziki baloratuko dira.
Lizitazio baldintzetan, egun kiroldegian lanean ari diren langileen kontratazioa ere jaso da. Lau dira, bertan lanean ari garbitzaileak eta kontratatuko den enpresak hauen kargu hartu beharko du.
Kontratuaren lizitazio prezioa ere mugatu da eta orduko 18,10 euroko gehienezko prezioa finkatu du udalak. Horri, BEZa erantsi beharko zaio. Enpresek gehienezko prezio horren pareko edo bajuagoko eskaintzak egin beharko dituzte kontutan hartuak izan daitezen.
Udala eta aukeratzen den garbiketa enpresaren arteko zerbitzu kontratua, bi urtetarako izango da hasieran, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.
Kiroldegiko garbiketa zerbitzuaren inguruko xehetasunak, baldintza zerrenda osoa, udal bulegoetan eta udal webguenko kontratazio atalean eskuratu daiteke. Eskaintzak ere, udaletxeko bulegoetan presentatu behar dira, horretarako azken eguna, uztailaren 17a izango dela kontutan hartuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!