Oñatiko udala

Udalak, igeltserotzako ofiziala aldi-baterako izaeraz kontratatuko du.

2013/02/26
Udal brigadaren funtzionamendurako guztiz beharrezkoa dela argudiatu da Estatuko aurrekontu orokorren legean kontratazio berriak egiteko ezintasuna gainditu ahal izateko.

  Iazko abenduaren 27an onartu zen legearen arabera 2013an ezin izango da aldi baterako edo bitarteko funtzionariorik kontratatu, kasu berezietan izan ezik edota urgentziazko eta atzeratu ezin daitezkeen beharrak estaltzeko. 

  Udalak, berez, 2012ko lan eskaintza publikoan jaso zuen igeltserotzako ofizial lanpostua. Baina Madrilgo legeak kontrataziorik egiteko ezintasuna jarri zuenez, aukeraketa prozesua bertan behera geratu zen. Ondorioz, ofizialik kontratatu ezean ikusi da, udal brigadak ezin dituela ohiko funtzio batzuk bete, alegia, igeltserotzari dagozkion lanak egin.

  Horretxegatik, lanpostua, aldi-baterako izaeraz besterik ez bada betetzeko deialdia egitea erabaki da.
Igeltserotzako ofizialaren ardura nagusia, udal eraikinetan eta kale-plazetan konponketa-eta mantentze-lanak egitea izango da. Hala, bere egitekoak izango dira, kale-plazak mantentzeko igeltserotza lanak, Udalaren eraikinak kontserbatzeko eta mantentzeko lanak egitea edota hiri-altzariak, eserlekuak, oztopo-zutoinak, trafiko-seinaleak jartzea, besteak beste.

  Lanpostura aurkeztu ahal izateko, eskola graduatua, LHI igeltserotzan edo baliokidea den titulazioa izatea eskatzen da, euskarari dagokionean, 2. hizkuntza eskakizunaren maila izatea eta B gida baimena.
Hautagaiek bete beharreko baldintzak ez ezik, hautaketa prozedura bera nola egingo den ere zehaztu eta onartu zen azken tokiko gobernu batzarrean. Hautagaiek, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duen ariketa praktikoa gainditu beharko dute eta lehiaketa fasean, antzerako lan eta ofizial kategorian izandako esperientzia baloratuko da.

  Igeltserotza ofiziala aldi-baterako kontratatzeko oinarriak dagoeneko onartu diren arren, deialdia ez da kaleratu oraindik. Udalak, bere webgunean argitaratuz eta prentsara bidalitako oharraz jakinaraziko du hautagaiak aurkezteko epea noiz irekitzen duen.

  Gogoratu bestalde, Lanbiderekin elkarlanean, 5 pioi eta nekazal teknikari bat kontratatzeko deialdia bai martxan dela. Interesatuek, bihar arteko epea dute izena emateko. Kasu honetan, izena, lanbideren web-orrian sartuta eman daiteke bakarrik. Pioi lanposturako, 52 lagunek izena emana zuten goizean eta nekazal teknikari lanposturako berriz, 22. Baldintzak ikusi eta izena eman nahi duenak, www.lanbide.net atarira jo behar du. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!