Udalak iazko aurrekontuaren likidazioa egin du.
Horiek, aurrekontuaren likidazioa azaltzerakoan, udaleko kontu hartzaileak bereziki azpimarratu zituen alde onak. Hobetu beharrekoen artean inbertsioen gauzatze maila apala aipatzen da kontu hartzailearen txostenean.
Idatzian zehazten denez, badirudi egoera ekonomikoak hondoa jo duela baina ezin esan daiteke goranzko bidea hartu duenik. Azken hiru urteotan, bai inguru hurbileko langabezia eta baita orokorra ere, bikoiztu egin dela dio udal kontu hartzaileak, salmenta aurreikuspenak ez dira pizten eta finantzazioa gutxi eta garesti dago. Horretxegatik, eta aurrera begira, zuhurtasuna ezinbestekoa izango direla ondorioztatzen du.
Hona hemen udalaren iazko aurrekontuen likidazioaren daturik esanguratsuenak.
Ekonomikoki, 2011. urtea finantza krisiak jota joan da, baina udalak bere garaian hartutako austeritate neurriek samurtuta. Bestalde, finantza-arloan kobrantzak eta ordainketak ildo positibotik joan dira.
Azpimarratzekoa da gainera, 2010eko Aurrekontuan aurreikusten zen 2 milioi euro pasatxoko mailegua kobratu dela, baina ez 2011rako aurreikusita zegoen miloi eta 700 mila eurokoa. Horrek, finantzeroki abantaila handia ekarri du, 2010eko kontratazio baldintzak iazkoak baino hobeak, udalarentzat leunagoak zirelako eta ez hori bakarrik, hartutako mailegu horrek, aurtengo ekitaldian aurre ikusitako hainbat gastu ordaintzeko balioko duelako.
2011an likidatutako sarrerak aurreko urtean baino %1,35 altuagoak izan dira eta onartutako gastuak berriz, %20 gutxiago. Zorpetze mailan eragin du. Une honetan, udalaren zorpetze maila %7,86koa da.
2008ko udazken aldean, krisia sakona izango zela garbi zegoen: Foru Ogasuneko datuak okertu ziren; 2009 urterako aurreikusi zitezkeen obra pribatu nagusiak bertan behera gelditzen ziren; finantza erakundeek kreditu eskaintza gutxitu eta garestitu zuten. 2008ko ekitaldiak krisia jasan beharko zuen noski, baina okerrena etortzeko zegoela aurreikusten zen eta hala gertatu da.
Egoera honen aurrean, Udalak zenbait neurri hartu zituen: 2008an, Foru Fondoaren diru-sarreraren aurreikuspena eguneratu zen, defizit handia espero baitzen, hala, gastuak murrizten hasi ziren.
2009an, sarrerak eta gastuak eguneratu ziren eta inbertsioen epealdiak luzatu ziren. Gainera, austeritate plana prestatu eta gauzatzen hasi zen. 2011ko aurrekontuaren likidazioan aurrez hartutako neurri guzti horiek eragin positiboa izan dute.
Tokiko gobernu batzarrean onartu ondoen, iazko udal aurrekontuen likidazioaren berri bihar egingo den Osoko Bilkuran emango da.
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!